Udalbatzak osatuta, eta ohitura zaharrei jarraituz, Saraubeko zelaian elkartu dira Aiarako Kuadrillako ordezkariak legealdi berriari hasiera emateko. Irma Basterrak, Arabako Batzar Nagusietako lehendakariak, gidatu du ekitaldia, eta datozen lau urteetarako lehendakaria hautatu dute.
Hiru hautagai aurkeztu dituzte alderdi politikoek: EAJko Encina Castresana eta azken legealdian kuadrillako lehendakaria izandakoa; EH Bilduko Nekane Martinez eta, azkenik, Nerea Gomez, alderdi independenteen ordezkari gisa.
Encina Castresana jeltzalea izan da bozka gehien lortu dituena 15 guztira. Ondorioz, bera izango da bigarren aldiz jarraian Aiarako Kuadrillako lehendakaria. Lehendakari-ordea, berriz, Nekane Martinez izendatu dute.
Aurreko legealdian abiatutako bidea jarraitzeko asmoa adierazi du Castresanak kargua hartu osteko hitzartzean. Kuadrillaren egoitza Aiaran ezartzea eta langileak egonkortzeko prozesuan jarraitzea izango dira helburuetako batzuk.