Urduñara ere zabalduko da Gurasoleku programa aurten

Txabi Alvarado Bañares 2023ko ira. 28a, 08:00

Urduña, Amurrio eta Laudioko eskola, ikastola eta haurreskola guztiek egin dute bat egitasmoarekin. "Aktibazioan eta kontzientziazioan" jarriko dute begirada aurten.

2021ean abiatu zuten Gurasoleku ekimena, euskararen transmisioa bultzatzeko "0-5 urte bitarteko haurrak dituzten familien baitan". Horretarako, "eragileen arteko elkarlana baliatu, sentsibilizazioa landu, marko teoriko bat azaldu eta tresna pertsonalizatuak eskaintzen" dituzte. 

Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak, AEK-k eta Aiarako Berbalagun programak sortu zuten egitasmoa, baina beste hainbat eragile batu dira azken urteetan. Amurrion abiatu zuten ekimena, eta Laudiora ere zabaldu zuten hurrengo urtean. Aurten, aldiz, Urduñara iritsi dira. Udaberria Euskaltegia batu da ekimenera, hiriko ikastetxe guztiekin batera (Aintzinako Andra Mari ikastetxea, Urduña Herri Eskola eta Urduñako haurreskola). 

Hiru ekimen 

Hiru ekimenetan banatu dute Gurasoleku programa hasi berri den ikasturtean: Gurasoeuskaltegia (euskara ikasteko bidea emateko familiei), Gurasolagun (mintza praktika egiteko guraso taldeak) eta Gurasolagun agenda ("aisialdia familian eta euskaraz" gozatzeko ekintza programa). 

Aurten "sentsibilizazioan eta kontzientziazioan" jarriko dute begirada batez ere. Ildo horretan, mezu argia helarazi dute: dei zuzena egin nahi diegu guraso eta familiei, euskalduntzeko zeregina ikastetxeen esku soilik ez uzteko. "Gure seme alabek, eskola ibilbidea arrakastaz burutu dezaten ezinbestekoa dute euskara menperatzea, ezinbestekoa, eta horretarako eskolarekin ez da nahikoa, familiek ere beren ekarpena egin behar dute. Euskarak ikastetxeko hezia gainditu behar du, gure etxe eta kaleetan barreiatu behar da, gure egunerokoa busti behar du". 

Etorkizunera begira, hedatzen jarraitzeko asmoa dute Gurasolagun ekimeneko kideek, Aiaraldeko udalerri guztietara iritsi ahal izateko. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide