Agerraldia egin dute gaur goizean Asasam elkarteko kideek, urriaren 10ean ospatuko den Buru Osasunaren Nazioarteko Egunaren testuinguruan egingo dituzten jardueren berri emateko. Laudioko udalbatza aretoan egin dute agerraldia, eta bertan izan dira Aiaraldeko udalerrietako ordezkariak ere.
Buru osasuna giza eskubide unibertsala dela azpimarratu nahi dute aurtengoan, eta eskualdeko baliabide faltaren gainean jarri dute fokua. Halaber, gogorarazi dute buru osasuneko zerbitzuetarako sarbidea bermatzea administrazio publikoen betebeharra dela, eta eskari zuzena egin diete eskualdeko udal ordezkariei.
Kalitatezko buru osasuna bermatzeko hainbat faktore determinante jarri ditu Asasamek mahaigainean gaurko agerraldian, eta guztiei tokikotasunetik heltzeko beharra adierazi du.
Esku hartzeetan parte hartzen duten ertzainek uniformerik gabe aritzea gomendatzen du 2022ko Ertzaintzaren Jarduteko Gidak, baina eskualdean jasotako kasuetan hori bermatu ez dela salatu dute
Borondatearen kontra psikiatrikoan sartzea
Borondatearen kontra psikiatrikoan sartzea pertsonaren onerako egiten den jarduera dela nabarmendu du Asasamek, eta hor kokatu du kalitatezko zerbitzu integral bat jasotzeko zaindu beharreko lehenengo faktore determinantea. Esku hartze "delikatua eta zaila" dela nabarmendu dute elkarteko kideek: "Erabaki hori osasun mentalaren arloan har daitekeen erabakirik zailenetakoa da eta zorroztasun eta zaintza handiarekin egin behar da, pertsonen eskubideak errespetatuz".
Uste dute badaudela hobetzeko kontuak borondatearen kontrako esku hartze horietan. Alde batetik, esku hartzeetan parte hartzen duten ertzainek uniformerik gabe aritzea gomendatzen du 2022ko Ertzaintzaren Jarduteko Gidak. Eskualdean jaso diren kasuetan, ordea, prozedura hori jarraitu ez dela salatu du elkarteak, eta familia zein hezitzaileen eta Osakidetzaren artean dagoen koordinazio falta ere salatu du.
Baliabide falta
Aiaraldean buru osasunari heltzeko dagoen baliabide falta da Asasamen beste kezka nagusietako bat. Araban baliabide asko Gasteizen metatzen direla salatu dute: "Aiaraldean 3 bizitoki plaza daude bakarrik buru osasun arazoak dituzten pertsona guztientzako".
"Egoera hori areagotu egiten da biztanle gutxiagoko eremuetan, hala nola Aiaraldean"
Horrez gain, Aiaraldeko udalerri bizkaitarretako biztanleek udalerri arabarretan dauden osasun zerbitzuak baliatzeko duten ezintasuna ere faktore determinantetzat jotzen dute elkartetik. Egoera horren aurrean, baliabide gehiago jartzea eta burkorazia murriztea proposatu du Asasamek.
Mari Angeles Arbaizagoitia Asasameko lehendakariak buru osasunean inbertsiorik egiten ez dela salatu du, eta kalitatezko zerbitzuen garapenean aurrera egiten jarraitzeko beharra azpimarratu. "Egoera hori areagotu egiten da biztanle gutxiagoko eremuetan, hala nola Aiaraldean", aldarrikatu du hitzartzean.
Buru osasunaren nazioarteko eguna
Hainbat jarduera egingo ditu Asasamek urriaren 10ean ospatuko den Buru Osasunaren Nazioarteko Egunaren testuinguruan. Urriaren 17an jokatuko den areto futbol partida izango da lehenengo zita. La Milagrosa ikastetxeko ikasleek eta Asasameko kideek La Granja kiroldegian jokatuko dute lagunarteko partida 11:45ean. Sarrera doakoa izango da.
Dena den, Buru Osasunaren Aldeko Martxa Soziala izango da ekintza nagusia, urtero bezala. Urriaren 22an egingo dute ekimenaren IV. edizioa. Amurrioko Juan Urrutiatik eta Laudioko Herriko plazatik abiatuko dira zutabeak 10:00etan, Luiaondon bat egiteko. 6,5 kilometroko ibilbidea izango da, eta inskripzioak 3 euroko kostua izango du.
Azkenik, Maria Belen Andres psikologoak hitzaldia eskainiko du urriaren 25ean Laudioko Kultur Etxeko Arraño gelan, 18:00etan.