AZKEN ORDUKOA

Atxilotu bat eta ikertu bat Aiaraldeko baserri batean "marihuana plantazio laborategi bat" izatea egotzita

Txabi Alvarado Bañares 2023ko urr. 3a, 15:12

Ertzaintzak 67 urteko gizon bat atxilotu du operazioan eta eginbideak ireki dizkio 37 urteko beste bati, osasun publikoaren aurkako delitua egotzita. 

Aiaraldeko baserri batean sartu ziren larunbat arratsaldean Laudioko Ertzain-etxeko agenteak, "marihuana-usain handia" sumatu ondoren. Prentsa-oharrean azaldu dutenez, landare hori ekoizteko "plantazio-laborategia" topatu zuten eraikinaren barruan. Zehazki, "hazkunde-fase ezberdinetan zeuden hainbat marihuana-landare, haziak, lehortegi batean adarrak, kukuluak zituzten ontziak, argi-elementuz eta aireztapen-sistemaz hornitutako armairuak eta landareen hazkuntzarako produktuak" aurkitu zituzten.

250 marihuana landare baino gehiago

Horrez gain, 150 marihuana-landare topatu zituzten gela bateko armairuan. "Beste gela bateko antzeko beste bi armairutan beste laurogei bat landare aurkitu zituzten eta hirugarren armairu batean hirurogei landaretik gora zituen hazitoki bat", zehaztu dute oharrean, "beste gela batean kukuluak eta erretxin-substantzia bat zuten kristalezko hogeita hamar bat pote zeuden, eta sukaldeko hozkailuan erretxinez betetako pote gehiago eta mahai baten gainean haziz betetako poteak. Goiko solairuan, ganbaran, lehortegi moduan erabiltzen zituzten beste bi armairu aurkitu zituzten, eta bertan laurogeita bost bat adar zeuden zintzilik".

Aldameneko pabilioian ere sartu ziren ertzainak, eta bertan topatu zituzten rosina egiteko beharrezko materialak.

Rosin laborategia

Baina ez ziren baserria miatzera mugatu. Aldameneko pabilioian ere sartu ziren ertzainak, eta bertan topatu zituzten rosina egiteko beharrezko materialak. Besteak beste, zentrifugagailuak topatu zituzten, "plantaziotik lortutako loreak purutasun eta kontzentrazio handiko haxix-erretxin bihurtzeko" erabiltzen direnak. Poliziak zehaztu duenez, material horren prezioa 100 eurotik gorakoa da gramo bakoitzeko, eta oso arriskutsua dela kontsumitzea, "%60tik gorako THC kontzentrazioa duelako". 

Beste hainbat material ere aurkitu zituzten: haxix-plakak egiteko metalezko moldeak eta marihuana-kukulu freskoak zituzten hogeita hamar bat poltsa. Gainera, beste pabilioi bat ere arakatu zuten, eta baratze bat topatu zuten bertan, 20 landare ingururekin. Horrez gain, negutegi bat ere ireki zuten, eta landare gehiago topatu zituzten bertan. 

Horrez gain, plantazioa mantentzeko argindarra "legez kanpoko konexio batetik" hartuta zegoen, Ertzaintzak nabarmendu duenez.

Beste miaketa bat Laudion

Behin miaketa bukatuta, baserriaren jabea (67 urteko gizonezkoa) atxilotu zuten, osasun publikoaren aurkako delitu bat egotzita. Baina, polizia-ikerketaren arabera, ondorioztatu zuten bigarren inplikatu bat ere zegoela, 37 urteko beste gizonezko bat. Eginbideak ireki zizkioten ikertu gisa, eta bere etxea ere miatu zuten, Laudion. Beste hainbat gauza topatu zituzten bertan: "Marihuana eta haxixa, laurehun bat gramo, erretxinez betetako kristalezko dozenaka pote, hiru doitasun-balantza eta Rosina egiteko behar diren tresnak, alkohol-txanbil bat, ongarria eta beste hainbat gauza".

Atzo igaro zen atxilotua Amurrioko epaitegitik, eta epaileak baldintzapeko askatasunean utzi zuen, hilean bitan epaitegitik sinatzera psatzeko derrigortasunarekin. Neurri berdina ezarri diote ikertutako beste pertsonari ere. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide