Roberto Aguado adituak goiz osoko trebakuntza saioa egingo du larunbat goizean, 09:30etik 14:30ak bitartean, Amurrio Antzokian. Horren helburua izango da hezitzaileen oreka emozionala bermatzeko tresnak jorratzea. Izan ere, antolatzaileek aipatu dute hezkuntza ez dela soilik ikastetxean garatzen, kalean zein etxean ere egiten baita.
Nere Nuñez Laudioko Helduen Ikastetxeko zuzendariak (antolatzaileetako batek) argitu du hezitzaileentzat ezinbestekoa dela oreka emozionala eta lasaitasuna mantentzea egoera dena delakoa izanda. "Egoerak haserrea eragiten badu ere, hezitzaileak baretasuna behar du", adierazi du.
Aukera paregabea
Nuñezek azpimarratu du Aiaraldeko ikastetxe publikoen elkarlanari esker antolatu dutela saioa eta eskualdeko herritarrak (irakasleak zein senideak eta gurasoak) gonbidatu ditu aukera baliatzera. Izan ere, Roberto Aguadoren ikastaroak, oro har, ordainduzkoak dira eta ez merkeak, proposamen ugari jasotzen baititu adituak.
Jardunaldian parte hartzeko izena eman beharra dago aurretik honako esteka honetan. Plaza guztiak betetzean, estekak funtzionatzeari utziko dio.
Ikastetxe publikoen auzolana
Duela zenbait ikasturte ekin zioten Aiaraldeko ikastetxe publikoetako zuzendariek hilero biltzeari eta, horrela, ekintza bateratuak prestatzeko aukera daukate. Iaz, esaterako, matematikak irakasteko beste saio bat egin zuten modu oso arrakastatsuan, Amurrio Antzokia bete baitzuten. Larunbat honetako jarduerarako oraindik geratzen dira lekuak.