Elkartasun keinu ugari jaso dituzte itxialdian dauden Autoglas-Glavistako langileek

Erredakzioa 2023ko urr. 5a, 12:13

Hainbat sektoretako ordezkariak bertaratu dira azken orduetan fabrikaren sarrerara. 

24 ordu bete dituzte dagoeneko Autoglas-Glavistako langileek itxialdian, baina ez dira bakarrik egon ia une batean ere ez. Dozenaka lagun animatu dira lantegiko sarrerara gerturatzera, euren lanpostuen alde borrokan ari diren beharginei babesa eta elkartasuna helerazteko. 

Atzo Madres Mercedariaseko hainbat langile igo ziren fabrikara, Herriko plazatik abiatuta, eta berdina egin zuten bi ordu beranduago Aiaraldeko Mugimendu Feministako kideek, datorren azaroaren 30an egingo den greba orokor feministaren deialdia zabalduz. Eskualdeko pentsiodunak, aldiz, itxialdiaren hasieran bertaratu ziren fabrikaren sarrerara. 

Eta gaur errepikatu egin da egoera. Egunsentiarekin batera abiatu dira eskualdeko udaletako hainbat langile fabrikara, eta gosaria eraman dute eurekin, itxialdian daudenei emateko.

10:00etan, aldiz, Aiaraldeko hainbat enpresetako ordezkarien txanda izan da. Tubacexeko, Maderaseko, Megatecheko, Tubos Reunidoseko, Inauxako eta Ferroko beharginak batu dira, besteak beste.

Eguerdian, aldiz, Aldai plazara eraman dute protesta, Autoglas-Glavistako langileen aldeko elkarretaratzea egin baitute bertan merkatua jartzen duten baserritarrek.

"Kedada herrikoiak"

Elkartasun keinuak ugaritu egingo direla aurreikusi daiteke. Izan ere, SOS Aiaraldea plataformak "kedada herrikoiak" antolatu ditu Herriko plazatik abiatuta.

Gaur 14:00etan, 16:00etan eta 18:00etan izango dira zitak. Bihar, aldiz, 7:30ean, 10:00etan, 14:00etan eta 16:00etan egingo dute. 18:00etan, aldiz, lantegira zuzenean bertaratzeko deia luzatu dute, bertatik abiatuko baita mobilizazio nagusia.

Argazkiak: SOS Aiaraldea

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide