Izaro Fombellida eta Maddi Sautua izan ziren "Aiaraldea ibiliz' udaleku ibiltariaren arduradunak abuztuaren 27tik irailaren 4ra bitartean. Aste horretan 14 eta 18 urte bitarteko nerabeekin Okondo, Luiaondo, Laudio, Etxaurren eta Amurrio zeharkatu zituzten eta gero Zuhatzako irlara jo zuten.
Gazteek balorazio positiboa egin dute, giro euskaldundean igaro baitzituzten egun guztiak, eta egitarau xumea prestatu arren, "elkarrizketa eta ideia interesgarriak" agertu zirela nabarmendu dute.
Berez, taldea testuinguru anitzeko nerabeek osatu zuten, baina hori ez zen oztopo izan euren artean harremantzeko. Bizitako uneen artean, Fombellidak eta Sautuak gogoratu dute perkusio tailerra bereziki dibertigarria izan zela, inork ez baitzuen esperientziarik.
Horrez gain, Zuhatzako egonaldia ere oroitu dute, ekintza ugari izan zituztelako (windsurf, surf...), eguraldiak ez lagundu bazuen ere. Aiaraldean bertan, aipatu dute Etxaurrenen igarotako gaua oso polita izan zela: "Mendian egin genuen lo zeru izartsu baten azpian".