Indarberrituta hasi dute ikasturtea Krimen y Kastigoko kideek. Las herramientas del amo izeneko diskoa plazaratu berri du Basauriko punk taldeak, bere 16 urteko ibilbideko laugarrena. Ekainean ekoiztu zituzten albumeko 8 abestiak Donostiko Corsarios estudioetan. Zuzenean grabatu zituzten kantu guztiak, instrumentu guztiak batera joz. Modu horretan, “soinu gordinagoa” lortu nahi izan dute, “artifiziorik gabekoa”. Musikari dagokionez, punkaren eta hardcorearen parametroetan mugitzen dira konposizio guztiak, “baina taldearen estilo bereizgarriarekiko leial mantenduta”.
Nabarmendu dutenez, disko osoa dago eduki politikoz betea, orain arteko ildoa mantenduta. “Askatasuna, elkartasuna, iraultza soziala eta borroka bateratua aldarrikatzen ditugu gure letretan, kapitalismoak gure bizitzetan ezartzen dituen praktika gero eta erasokorragoak geldiarazteko bide bakar gisa”, aldarrikatu dute taldekideek.
Formatu fisikoan jarriko dute lana salgai, baina taldearen Bandcamp kontuan ere entzun eta deskargatu daiteke dagoeneko.
Aiaraldearekin harremana
Taldea berez Basaurin sortu eta garatu den arren, taldekideek harreman estua dute Aiaraldearekin. Kideetako batek Tubacexen egiten du lan eta beste bat Aretan bizi izan da hainbat urtez. Gainera, taldeko baxu jole berria (Diego) Aiarakoa da. “2022ko amaieran sartu zen taldera, eta bultzada eman zigun kaña ematen jarraitzeko”.