Trantsizio energetikoaren kontzeptu abstraktua gauzatzeko hamaika modu dago, komunitate energetikoetatik, azpiegitura erraldoi industrialetara, eta azken bide hori hartu du Arantxa Tapiak, onartu nahi duen Energia Berriztagarrien Sektore Planarekin. Helburu horrek alarmak piztu ditu hainbat udal, administrazio batzar eta herritarren artean, zeinek ehunka helegite aurkeztu zituzten uztailean plan horren hasierako onarpenaren kontra.
Zer da Sektore Plana?
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko Sailak sustatu duen dokumentuak balioko du lurralde antolamendua arautzeko energia berriztagarrien esparruan, eta polemika ugarirekin heldu da erreperatu dieten herritar eta erakundeen artean. Izan ere, dokumentuak Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde osoa sailkatu du energia berriztagarrien azpiegiturak eraikitzeko; eskala handikoak, ertainekoak eta txikikoak.
Energia Berriztagarrien Sektore Planaren kontrako berrehun helegite baino gehiago aurkeztu dituzte Aiaraldea udalen, administrazio batzarren eta herritarren artean
Eskala handiko egitasmo eolikoek 5 aerosorgailu edo gehiagokoak dira eta 30 MW edo edo gehiago ekoizteko gaitasuna dutenak. Eskala ertainekoak edo txikikoak irizpide horien azpitik daude.
Proiektu fotovoltaikoei dagokienez, handiek 10 hektarea edo gehiago hartuko dituzte eta 5 MW edo gehiago sortuko dituzte eta ertainak eta txikiak langa horietara ez dira helduko.
Hori aintzat hartuta, Ekonomia Garapen Sailak lurraldea sailkapen mota ezberdinetan zatitu du. Sailkapen edo kategoria garrantzitsuenak eta berehalako eragina izan dezaketenak Kokapenerako Zonalde Hautatuak dira, zeinetan plana onartu bezain pronto, enpresa pribatuek zuzenean eskatu ditzaketen baimenak toki horietan azpiegitura energetikoak jartzeko.
Eusko Jaurlaritzako Sailak, hortaz, eremu horiek desjabetu eta interes pribatuen esku utziko lituzkete bere kudeaketarako, erabakita interes orokorreko proiektuak direla. Horrek, praktikan, suposatuko du lursail komunalak eta pribatuak, maiz lehen sektoreari lotuta daudenak edo basoak direnak, bere jabe publiko edota pribatuei kentzea energia enpresei lagatzeko.
Horrelako hogei zonalde baino gehiago zehaztu ditu planak Aiaraldean eta batzuk aski esanguratsuak dira eskualdean, esaterako, Ganekogorta eta bere inguruak, Etxaurren Baselizako alboko magaletako bat, Etxaurren Ikastolako inguruak Menagarairantz, Txibiarte, edota Letoko basoaren alboan dauden zelaiak.
Edonola ere, planak lurralde osoa sailkatzen du energia ekoizteko gaitasunaren arabera. Horrela, Kokapenerako Zonalde Hautatuak dira, Jaurlaritzaren aburuz, ezinbestekoak izango direnak, baina badaude gaitasun handikoak, ertainekoak, txikikoak eta oso txikikoak, eta, horietan ere, proiektuak ezartzeko proposamenak jasoz gero, erakundeak erabakiko du baimentzea edo ez.
Planean ez dauden proiektuak
Aurreko klausulak zer nolako ondorioak izan ditzakeen irudikatzeko, kontuan hartu beharra dago Energia Berriztagarrien Sektore Planak ez dituela jasotzen Aiaraldean dauden proiektu eoliko gehienak. Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak salatu du horren harira: “Planak islatzen duena oso latza da, proiektu pilo kokatu nahi baititu intereseko gune ekologiko eta kulturaletan, baina larriena ez da hori, baizik eta agertzen ez dena. Izan ere, Larragorri edota Ferosca I eta II azpiegitura eoliko industrialak ez dira agertzen inon. Horrek esan nahi du modu paraleloan kudeatzen ari diren hainbat proiektu ez dituztela jaso gatazkak ekiditeko”. Aiaraldeko Mendiak Bizirik egitasmo eolikoak azpimarratzen baditu ere, gogoratu beharra dago planak ez duela Ekiola proiektua aipatu. Arabako Foru Aldundiak hitzaldiak eskaini zituen hori azaltzeko Aiaraldean eta helburua da Saratxon 3.000 metro karratu baino gehiago plaka fotovoltaikoekin betetzea.
Gardentasun eza
Horri lotuta, Aiaraldeko Mendiak Bizirik zein eskualdeko zenbait udalek nabarmendu dute Energia Berriztagarrien Sektore Plana bultzatzeko egon den erabateko gardentasun falta. Izan ere, bere argitalpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian maiatzaren 20an izan zen. Hau da, udal hauteskundeak hasi baino astebete lehenago. Aintzat hartu beharra dago helegiteak aurkezteko epea 45 egun baliodunekoa zela, eta hauteskundeen ondoren udal gobernu taldeak funtzioetan egon zirela ekainaren 19ra arte, alkate eta zinegotzi berriek ardurak hartu arte.
Eusko Jaurlaritzak udal haustekundeak baino astebete lehenago argitaratu zuen Energia Berriztagarrien Sektore Plana eta erakunde eta jende askorentzat oharkabean pasa zen
Funtzioetan aritzean, administrazio arrunteko gaiak baino ezin dituzte landu alkateek eta zinegotziek eta ezin dituzte ondorengoen jarduna baldintzatuko duten erabakiak hartu. Ondorioz, helegiteak aurkezteko epe ia erdian inork ezin izan zuen landu Energia Berriztagarrien Sektore Plana. Gauzak horrela, Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak eta bestelako erakunde eta eragile batzuek eskatu zioten Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko Sailari epea luzatzea, baina erantzuna ezezko borobila izan zen.
Hain zuzen, parte hartze eta gardentasun falta hori izan da udal eta eragile askok azpimarratu dutena. Berez, milaka orri osatzen dute Energia Berriztagarrien Sektore Plana eta 45 egun baliodunetan —edo gutxiagotan, azaldutakoagatik— nekez berrikusi daitezke agiri guztiak eta mapak.
Errealitate horrek isla izan zuen eskualdeko udalen eta eragileen jarreran helegiteak aurkezteko orduan, baina ez zen oztopo izan ehunka errekurtso baino gehiago heltzeko Eusko Jaurlaritzara Aiaraldetik.
Esaterako, 117 alegazio herrikoi eta 51 tekniko eraman zituen Aiaraldeko Mendiak Bizirik, deialdia zabaldu baitzuen herritarren artean horretarako.
Helegiteen bide korapilatsua
Arestian azaldutakoarekin, ataka anitzetan egon ziren udalak eta herritarrak helegiteak prestatzeko orduan. Amurriok eta Laudiok, berezko bitarteko nahikoak dituztenez, eurenak idatzi zituzten zarata berezirik eragin gabe, baina hori ez zen Aiara, Arrankudiaga-Zollo eta Urduñako kasua.
Aiaran ekainaren 19an sartu zen udal gobernu taldeak —gerora koaliziokoa izango zen, baina une horretan soilik EH Bildu— topo egin zuen Energia Berriztagarrien Sektore Planarekin eta bere egoera partikularrarekin. Alegia, eskualdeko Kokapenerako Zonalde Hautatu gehienak Aiaran daude eta ehunka hektarea hartzen dituzte, gainera, batzuetan, toki enblematikoetan.
Ikusita errealitateak gainditzen zituela udaleko gaitasun teknikoak, kanpoko aholkularitza enpresa kontratatzeari ekin zioten eta horiekin batera Administrazio Batzar guztiekin deitu zuten bilera, planaren nondik norakoak azaltzeko. Hitzordu horretatik atera ziren bi egitasmo: Aiarako Udalak aurkeztutako helegitea eta tokiko 22 kontzejuk egindakoak.
Planak hogei azpiegitura energetiko handi baino gehiago jasotzen baditu ere, iragarritako instalazio eoliko gehienak ez dira agertzen bertan
Arrankudiaga-Zollok, bestalde, Alonsotegi eta Arrigorriagako Udalekin batu zituen indarrak Ganekogortan instalatu nahi dituzten dozena bat baino gehiagoko aerosorgailuen kontra. Hiruren artean laurogei orrialdeko agiria aurkeztu zuten Eusko Jaurlaritzan, Energia Berriztagarrien Sektore Planaren oinarri metodologikoen akatsak eta gabeziak azpimarratuta arlo anitzetan; prozedura, elementu kulturalak eta naturalak aintzat hartu ez izana…
Egoera korapilatsuena, dena den, Urduñan gertatu zen. Helegiteak aurkezteko epea agortzetik gertu zegoela, Aiarako herritar batek jakinarazi zion Belandiako beste bati han eta Mendeikan proiektu fotovoltaiko bana eraikitzea aurreikusi duela Jaurlaritzak. Albistea azkar zabaldu zen Larruazabalgo Batzarrean eta handik gutxira bilera deitu zuten Belandian bertan. Bizkaiko Administrazio Batzarren ordezkariek eta herritarrek ez ezik, Udal ordezkariek ere parte hartu zuten eta sartu berri zegoen zinegotzietako batek argitu zuen tokiko erakundean ez zekitela ezer proiektuei buruz bilera deitu baino lehen. Udaletxean ez zeuden egitasmoen ezjakin bakarrak, zenbait herritar bileran bertan konturatu baitziren euren lursailak desjabetzeko arriskuan zeudela.
Gauzak horrela, Urduñako Udalak helegitea prestatu zuen, eta Larruazabalgo Batzarrek eta 30 herritarrek ere errekurtsoak bidali zituzten Eusko Jaurlaritzara.
Helegiteen arrazoiak
Euskal Autonomia Erkidegoan milaka helegiteren uholdea sortu da Energia Berriztagarrien Sektore Planaren kontra. Herritarrek maiz euren egoera partikularrean izan dute abiapuntua; atseden eskubidea ez dela errespetatu eta azpiegiturak euren etxebizitxen alboan proiektatu dutela energia azpiegitura bat, lehen sektoreari lotutako lursailak ez ezjabetzeko exijentzia, edota kultura edota ondare ekologikoari lotutako elementuen babesa…
Udalek ere bide horiek ez dituzte baztertu eta gogoratu dituzte zein toki eta ekosistema babestu behar diren euren mugetan eta, esaterako, gogoratu dute animalien korridore naturalak ez direla kontuan hartu.
Beste argudio batzuk metodologikoagoak dira eta zalantzan jarri dituzte Arantxa Tapiaren Sailak baliatu dituen irizpideak Kokapenerako Zonalde Hautatuak izendatzeko. Horri buruz galdetu dio Aiaraldea Komunikabideak Karmele Poblacion Aiarako zinegotziari eta ordezkaria oso kritikoa izan da bere udalerrian topatu duten egoerarekin: “Hautatu dituzten hainbat eremu ez dira bereziki egokiak energia sortzeko, hortaz, ez dugu ulertzen zergatik agertzen diren horrenbeste proiektu Aiaran. Gure susmoa da Murgan dagoen azpiestazio elektrikoa erabili nahi dutela enpresei errazteko elektrizitatearen salmenta, bestela, ezinezkoa da azaltzea".
Murgako inguruetan, hain zuzen, egoera ez da horren berria. Apirilaren 4an Olabezarreko Administrazio Batzarrak bozketa egin zuen eta Euskal Energia Erakundeak eta Krean enpresak egindako proposamenari ezezkoa eman zion. Bi eragileek 15 hektareako azpiegitura fotovoltaikoa jarri nahi zuten lursail komunaletan eta zenbait herritarrek salatu zutenez, bozkatzeari ekin baino lehen mehatxatu zituzten: “Esan ziguten guk nahi edo ez, plakak jarriko dituztela. Bi aukera genituela azaldu ziguten: edo plakak eurekin jarri edo bestela Iberdrolak lursailak desjabetuko zizkigula”.
Parte hartzearen mespretxua
Energia Berriztagarrien Sektore Planak mahai gainean jarri duen eztabaidaren ardatzak anitzak eta mamitsuak dira. Alde batetik, zein energia eredu nahi duen gizarteak bere beharrak asetzeko —komunitarioa edo industriala— noren mesederako den eredu hori — energia enpresena edo herritarrena— eta zeintzuk izan behar diren irizpideak, bai teknikoak zein kokapenak erabakitzeko unean.
Edonola ere, planak eragin duen ezinegonaren zati handia gardentasun ezaren eta ezkutatzearen ondorioa da. Helegite teknikoek azpimarratu dute partaidetzaren metodologia zalantzan jartzeko modukoa dela eta herritarren ekarpenak ez direla jaso dokumentuan. Are gehiago, horiek bildu behar dituen esteka ez dago eskuragarri.
Ganekogortan, Etxaurrenen, Leto basoaren alboan edota Kamarakan hainbat hektareako okupazioa ekarriko du planak
Dena den, okerrena zera da, planak berak ez duela estali parte hartze prozesuan jasotako ideia kritikoak baztertu dituela une batez ere baloratu gabe. Hau da, planak bakarrik eman ditu ontzat berarekin bat egiten duten iritziak eta horrela adierazten du agiriak berak: “Jaurlaritzak proposatutako alternatibaren batez besteko balorazioa maila, eragileen pisua aintzat hartuta, ertain-altuko da. Udalen eta udal-talde politikoen balorazio kritikoagoa da. Zentzu horretan, garrantzitsua da kontuan hartzea udal eta talde gehienak ildo ideologiko zehatz batekoak direla, iritzi eta ekarpen horiek, baliodunak badira ere, ezin dira estatistikoki baliozkotzat jo”.
Paragrafo horrek sumatu daiteke, argi eta garbi, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko Sailak udalen iritziak ez dituela gogoko. Izan daiteke herritarren hurbilen dauden erakundeak izanik, alderdien iritzi ofizialak ez dituztelako betetzen edo ez, baina egia da Sail horrek behin eta berriro egin duela topo tokiko erakundeekin bere egitasmoak gauzatzeko orduan. Frackinga izan zen adibide bat Aiaraldean eta Corrugados Azpeitia ere izan zen oso kasu entzutetsua bere garaian. Beste hitz batzuetan, Arantxa Tapiak ez ditu gogoko udalek jartzen dituzten trabak eta ondorioa begien bistakoa izan da.
Gasteizen Frackinga edota Corrugados Azpeitia egitasmoak aurrera eramateko orduan, Eusko Jaurlaritzak saihestu ezin izan zuen hesiekin egin zuen topo, udal Hiri Antolamendurako Plan Orokorrekin, alegia. Gasteizkoak ez zuen ahalbidetzen gasa ustiatzea bere lurraldean eta Azpeitian, aldiz, debekatuta zegoen lantegiak egotea herrigunean.
Gauzak horrela, 2021eko abenduan onartu zuten Tapia Legea deiturikoa EAJk, PSE-EEk eta PPk. Arau horren arabera, Eusko Jaurlaritzak goi-mailako interes publikotzat jotzen dituen proiektuek ez dute zertan beteko HAPOak. Hasiera batean salbuespen neurritzat jo zutena ohiko prozedura gisa ezarriko dute Energia Berriztagarrien Sektore Planaren bitartez. Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren asmoa da tokiko erakunde guztiak moldatzea agiri horrek adierazten duenera, partikularren desjabetzeak barne, enpresei emateko behar dituzten lursailak.