Urte hasiera gogorra ekarri zuen eskola garraioaren aferak Aiaraldera, baina enpresen eta Eusko Jaurlaritzaren arteko akordioak ez du guztiz itxi arazoa. Izan ere, Arabako Foru Aldundiak autobusa ordaintzeari utzi dio Artziniegako Gure Arteko Ama Ikastetxeari eta Etxaurren Ikastolari, igeriketa klaseak jaso ditzaten euren ikasleek.
Igeriketa klaseak jasotzeko beharrezkoa den autobusa ordaintzeari utzi dio Arabako Foru Aldundiak
Igeriketa heziketa fisikoaren ikasgaiaren barruan lantzen da eskoletan eta Artziniega zein Aiarako ikasleek beste udaletara jo behar dute klase horiek izateko, euren herrietan ez baitaude azpiegiturak horretarako. Hasi berri den ikasturtera arte, Arabako Foru Aldundiak hartzen zuen bere gain gastu hori. Orain, ordea, finantzazio hori etetea erabaki du.
Hala azaldu du Artziniegako ikastetxeko guraso elkarteak: "Arabako Foru Aldundiak argudiatzen du hezkuntzari lotutako gai oro Eusko Jaurlaritzaren eskumena dela eta, ondorioz, ezin duela ordaindu".
Eskolaz kanpoko jarduera gisa
Guraso aiararrek, okondoarrek (Okondoko hainbat ume Etxaurren Ikastolan matrikulatuta daude) eta artziniegarrek saiakera egin dute bestelako ereduak topatzeko: "Hasieran Aldundiak aipatu zigun eskolaz kanpoko ordutegian kokatuz gero, gastu guztia bere gain hartuko zuela, baina gero komunikatu digu begiraleak ez dituela ordainduko. Izan ere, norbaitek lagundu behar ditu umeak burua lehortzen, adibidez".
Hori dela eta, Artziniegako IGE eskolako zuzendaritza taldearekin batera bide berriak bilatzen ari dira herriko gurasoak igeriketa ikastaroak eskaintzen jarraitzeko. Aldi berean, Etxaurren Ikastolan aztertzen ari dira aukera egongo litzatekeen ikastaroa ikasturte amaieran egitea bertan dauden udal igerilekuetan.
Baina hori guztia kudeatzeak zama gehigarria ekarri die; bai baliabide pertsonalengaitik eta baita baliabide ekonomikoengaitik ere.
Izan ere, igeriketa eskolaz kanpoko ordutegian egiteak ikasleen arteko zaurgarritasuna eta diskriminazioa handitzea eragingo luke, Artziniegako guraso elkartearen aburuz: "Seguruenik familia batzuek beraien seme alabak ikastarora ez eramatea erabakiko dute arrazoi ezberdinengatik, eta politika aldaketa horren kaltetuak Airaldean ditugun moduko herri txikietako ikasleak izango dira, berriz ere, landa eremuko biztanleen desabantailak areagotuta eta euren oinarrizko eskubideak urratuta".