ZOZKETA

Errigorak 50 euroko hiru saski zozkatuko ditu Aiaraldean bere 10. urteurrena ospatzeko

Erredakzioa 2023ko urr. 24a, 17:00

Aurten saski mota bakarra egongo da kanpainan. / Errigora

Errigora ekimenak 10 urte bete ditu aurten eta hori ospatzeko hiru saski zozkatuko ditu Aiaraldean. Aurten, saski bakarra osatu dute, 23 ekoizleren 9 produktu ekologiko eta konbentzional batuta. Saskiek prezio bateratua izango dute, 50 eurokoa. Hemen parte hartu daiteke zozketan.

Errigora ekimenak badu zer ospatu, hamarkada bete baitu aurten: "2013an jaio zen Errigora. Iruñeko Nabarreria plazan dagoen Zabaldi Elkartasun Etxean agertu ginen urriko egun batean, egitasmoaren asmoak aurkeztu eta Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpainan parte hartzeko deia egiteko".

Ibilbide oparo horretan 130.000tik gora saski bete dituzte Nafarroa hegoalde eta erdialdeko produktuekin, Euskal Herrian bertan kontsumi daitezen. Baina tokiko ekoizpena sustatzea ez ezik, Errigorarentzat oso garrantzitsua izan da Nafarroan bertan euskararen alde lanean ari direnei ekarpen ekonomikoa egitea: "Euskalgintzaren zakua ere oparo bete dugu -1.800.000 euro!- saskiek emandako mozkinekin".

Gauzak horrela, efemeridea ospatzeko eta sortu duten komunitatea handitzen joan dadin, Errigorak saski bakarra salduko du (beste urte batzuetan ekologikoa edota arrunta eskaintzen zuten, esaterako). Ondorioz, 23 ekoizleren 9 produktu ekologiko eta konbentzional uztartuko dituzte saski bakoitzean.

5 produktu amankomunak izango dira: zainzuriak, piperrak, orburuak, gozo bat eta alkoholdun botila bat. Beste 4 produktuak gainontzeko ohiko produktuen artean hautatuko dituzte: olioa, kardoa, babarrunak, gazta, pasta...

Hiru saski eskuratzeko aukera

Esan bezala, hamarkada emankor honetan sortutako komunitatea balioan jartzeko, Errigorak hiru saski zozkatuko ditu Aiaraldean. Zozketan parte hartzeko hemen eman behar da izena eta urriaren 31n jakinaraziko du Aiaraldea Komunikabideak nortzuk izan diren saridunak.

Edonola ere, kutxa lortzen ez dutenek eskura izango dute bat edo nahi beste erosteko aukera, azaroaren 9an baino lehen. Errigorako webgunea bisitatu dezakete horretarako.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide