Kalean dago honezkero Aiaraldea Hemen hamabostekariaren ale berria, 188. zenbakia, alegia. Zenbaki berri honek iraganera bidaia proposatuko dio irakurleari, Burdin Arora, hain zuzen ere. Jon Obaldia Aranzadiko arkeologoa elkarrizketatu dugu Babio mendiko aztarnategiaren inguruan, eta bertan aurkitutako altxorrak aurkeztu dizkigu.
Baina badaude bestelako erreportaje eta elkarrizketak agerkariaren 32 orrietan. Esaterako, Maiteder Intxaurragaren testigantzak jaso ditugu. Bularreko minbizi metastasikoaren elkartean aritzen da Intxaurraga, eta taldearen jardueraren zein gaixotasunaren inguruan mintzatu da gurekin.
YouYou-Irrintzi proiektuko irrintzilariak ere badira hamabostekariko beste protagonistetako batzuk; baita eskualdean jaio berri diren eskubaloi talde berriak ere.
Hauek eta beste hainbeste gai topatu daitezke Aiaraldea Hemen hamabostekariko orrietan. Astelehenetik aurrera banatuko da hamabostekaria eskualdeko saltoki, taberna, ikastetxe, kulturgune, liburutegi eta kaleetan, doan.