Greba feminista orokorrari begirako zita ugari egongo dira aste honetan Aiaraldean

Txabi Alvarado BaΓ±ares 2023ko urr. 24a, 21:14

Iragan astean eginiko eskualdeko greba batzordean ateratako argazkia. / Aiaraldeko Greba Batzordea

Greba batzordeak egingo dituzte bihar eta eskualdeko auzolana etzi. Igandean, aldiz, agerraldia egingo du Aiaraldeko Mugimendu Feministak Artziniegan. 

Aiaraldean urrats ugari emango dituzte aste honetan azaroaren 30erako Hego Euskal Herri osoan deitua dagoen greba feminista orokorrari begira. 

Iragan astean egin zen eskualdeko greba batzordea, herritar orori zabaldutakoa, eta herrietakoak egingo dira bihar -urriak 25- 18:30ean, Laudioko eta Amurrioko kultur etxeetan. Zehaztu dutenez, lehenegoan Laudio, Okondo eta Orozkoko herritarrak bilduko dira. Bigarrena, aldiz, Amurrio, Urduña, Aiara eta Artziniegako bizilagunei bideratua egongo da. 

Ostegunean, aldiz, eskualdeko auzolana egingo dute, pankartak eta bestelako propaganda euskarriak prestatzeko. Laudioko Institutuko frontoian jarri dute horretarako zita, 17:00etatik 20:00etara. 

Agerraldia igandean

Aiaraldeko Mugimendu Feministak, bere aldetik, agerraldi ez-mistoa egingo du igandean Artziniegan, grebaren deialdia zabaltzeko. 13:00etan izango da zita Artziniegako frontoian.

Antolakuntza eredua

Nabarmendu dutenez, “greba orokorra” izango da azaroaren 30eko zita: “hau da, langile oro dago deituta  deialdiarekin bat egitera, lanera ez joanez eta ez kontsumituz”. Dena dela, ekimenaren gidaritza mugimendu feministak izango duela gaineratu dute. “Berari dagokio erabaki estrategikoak eta irizpide ideologikoak eratzea. Ondoren, erabaki horiek materialki egikaritzeko, greba batzorde mistoak osatu dira, pertsona orori zuzendutakoak”, zehaztu dute grebaren antolakuntzaren nondik norakoak azaltzeko osatutako eskuorrian. 

Greba batzorde  funtzioa zein izango den ere aletu dute: “Aiaraldeko Mugimendu Feministak hilabeteak daramatza bilerak egiten grebaren aurrelanketa eta greba bera Aiaraldean nola gauzatu pentsatzeko. Orain, planteamendu hori egikaritzeko, greba batzordeak eratu dira, 2020ko greba orokorrerako sortu ziren markoak aprobetxatuz eta birformulatuz”. Azpimarratu dutenez, marko horiek mistoak dira, eta “eskualdeko pertsona ororen parte hartze eta inplikazioa” behar dute funtzionatzeko. 

Arestian aipatu bezala, bi greba batzorde eratu dira herrietan: 

1. Laudio, Orozko eta Okondoko herritarrena 
2. Amurrio, Urduña, Aiara eta Artziniegako herritarrena

Bi batzorde horiek koordinatzeko eta planteamendu orokorren inguruan hitz egiteko, aldiz, eskualdeko greba batzordea deituko dute, hau ere herritar orori irekia. Zehaztu dutenez, hainbat lan-talde ere eratu dituzte, afera zehatzak lantzeko: komunikazioa, edukia edota saretzea, besteak beste. 

Parte hartzeko deia

Zehaztu dutenez, Aiaraldeko Greba Batzordearen sare sozialetatik zein Whatsapp taldeetatik zabalduko dira deialdi guztiak, eta email bat ere jarri dute herritar ororen eskura (aiaraldekogrebabatzordea@gmail.com) informazioa eskatu edota dinamikaren antolakuntzan sartzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide