Aiaraldeko hezkuntza publikoko komunitateak mobilizatzeari ekin dio Eusko Legebiltzarrak onartu nahi duen Hezkuntza Legearen kontra. Hori dela eta, autobusa antolatu dute Donostian igandean 12:30ean egingo den manifestazioan parte hartzeko.
Autobusa erabiltzeko ampagallarraga@gmail.com helbidean eman behar da izena eta 5 euro ordaindu. 09:30ean abiatuko da Amurrioko elizako biribilgunetik eta 10:00etan Aretatik, Onieva albotik.
Hezkuntza publikoko komunitatearen atxikimendua
Babesa eskuratzeko, Aiaraldeko Hezkuntza Publikoa Bizirik! plataformak testua prestatu eta zabaldu du eragileen atxikimendua jasotzeko. Idazkiaren bi aldarrikapenak dira aipatutako manifestazioarekin bat egitea eta exijitzea hezkuntza publikoan matrikulatzeko aukera herritar ororen esku egotea.
Deialdiari eskualdeko ikastetxe publiko orok erantzun dio positiboki. Hala, Areta Herri Eskola, Zabaleko Eskola (Amurrio), Laudio BHI, Orozko Harana Eskola, Urduña HLHI, Arteko Gure Ama Ikastetxea (Artziniega), Lamuza Eskola (Laudio), Latiorro Eskola (Laudio), Okondo Eskola, Mendiko Eskola (Amurrio), EPA Laudio-Amurrio, Zaraobe Institutua (Amurrio) eta Etxaurren Ikastola (Aiara) dira sinatzaileak.
Guraso elkarte guztiek urrats bera egin dute. Aretako Gallarraga IGE, Zabalekoko IGE, Artziniegako Barratxi IGE, Laudio BHIko IGE, Etxaurreneko IGE, Orozkoko IGE, Lamuza Eskolako IGE, Latiorroko IGE, Mendiko Eskolako IGE, Urduña Eskola Publikoko IGE, Okondo Eskolako IGE eta Zaraobe Institutuko BABIO IGE batu dira ekimenera.
Alderdi politiko batzuek ere plataformaren planteamendua defendatzeko hautua egin dute: Aiara Batuzek eta Aiarako EH Bilduk, Okondo Aurrerak eta OMNIAk euren babesa adierazi dute. Gainerako udal taldeek ez dute babestu edo ez dute erantzun.
Mobilizaziorako arrazoiak
Plataformak bere testuan jaso ditu alderdi politikoak lantzen ari diren legearen kontrako argudioak. Baina, ezer baino lehen, gogoratu dute garraioa edota jantokietako arazoak soilik ikastetxe publikoetan gertatzen direla.
Horrez gain, hezkuntza publikoko defendatzaileek azpimarratu dute lege berriaren lanketan ez dutela parte hartze errealik izan Eusko Legebiltzarrean: "EHIGEk (Euskal Herriko ikasleen gurasoen konfedarazioa), HEIZEk (euskal eskola publikoaren zuzendaritza elkarteen federazioa), sindikatuek, hezkuntza publikoaren aldeko plataformek… ekarpen asko egin ditugu baina lege proposamena babesten dutenek ez dituzte gure proposamenak jaso. Ekainean bertan, Aiaraldeko Hezkuntza Publikoa Bizirik Plataformako zenbait kidek legebiltzarreko hezkuntza batzordean parte hartu genuen eta Aiaraldeko ikastetxe publikoen egoera zein lege proposamenarekiko desadostasuna jakinarazi genien hezkuntza batzordeko kideei. Baina berriro ere sentitu genuen eskola publikoa ez dela lege berriaren sustatzaileen lehentasuna".
Segregazioa
Platafornak gogor salatu duen beste gaietako bat izan da segregazioa ekiditeko neurriek eskola publikoetan soilik dutela eragina, sistema horretan matrikula egin nahi dutenei eskubide hori ukatuta: "Familiei hezkuntza publikorako eskubidea ukatzen ari zaie, matrikula ez zaie zenbait kasutan onartu, gehienetan zaurgarritasun indizea argudiatuta. Zaurgarritasun egoeran daudenek ez dute hezkuntza publikorako eskubiderik? Segregazioaren aurkako neurri berriak Euskal Eskola Publikoko familiak diskriminatu eta sailkatu ditu. Neurri eragingabea, arrazista eta eskola publikoentzako iraingarria dela uste dugu".
Horren aurrean, eskola publiko unibertsala, euskalduna, inklusiboa, berdintzailea, parte hartzailea, anitza, konpentsatzailea, doakoa eta laikoa aldarrikatu dute.