IRITZIA

Chandlerren hirugarren eta behin betiko heriotza

Aitor Aspuru Saez 2023ko urr. 30a, 06:50

Matthew Perry artxibo irudi batean. / Wikipedia

Asteburu honetan hil da Matthew Perry, mundu osoan ezaguna egin zena Chandler Bing pertsonaia egiteagatik Friends telesaio arrakastatsuan. Heriotzak hiru bisita egin behar izan dizkio bizitza kentzeko, baina jende ororekin bezala, azkenean ez du kale egin.

Heriotzak bete-betean asmatu baino lehen, Matthew Perry bi aldiz egon zen hilzorian aurretik. Lehenengoan, hesteek eztanda egin zioten. Ez da metafora, gertakari literala baizik. Pilula opiodeen menpenkotasunaren ondorioz, hainbat egunez egon zen komunera joan gabe, eta hesteak zartatu ziren. Jende gehienak ez du horrelako ezbehar bat gainditzen, baina berak egin zuen. Kolostomia egin zioten, gaztea izan arren, eta erretzea debekatu ziotenean arazoak ekarri zizkion ospitalizazio batean, bere burua horma baten kontra jo zuen odoletan blai amaitu arte.

Urte batzuk geroago, drogen menpekotasunaren kontrako tratamendu bati lotutako ebakuntza batean profopol droga eman zioten (Michael Jackson hil zuena) eta bost minutuz gelditu zitzaion bihotza. Berriro ere, modu ulergaitzan, biziraun zuen.

Asteburu honetan, ordea, bere jacuzzian zendu da eta zoritxarrezko metafora utzi du: talentu handiko pertsona bat, diruduna, baina bakarrik hil dena bere luxuzko jabegoan. Horri gehitu behar zaio Israelek miseria gorrian dauden milaka palestinar erailtzen dituen bitartean gertatu dela hau, eta munduaren absurdoaren neurria erakutsi digu, nolabait.

Chandler eta Perry, hain urrun eta hain gertu

Hainbat urtez pertsonaia bera antzeztu ondoren, zaila izan daiteke ezberdintzea pertsona eta pertsonaia, baina Chandler Bing eta Matthew Perry oso bestelakoak ziren. Chandler arrakasta erromantikorik gabeko gizonezkoa zen emakumeen aurrean, konfiantza gutxikoa, fisikoki hutsaren hurrengoa. Perry, aldiz, Casanova hutsa zen, tennis jokalari fina (trebezia horri esker Sensación de vivir telesaioan agertu zen behin) eta konfiantza ugarikoa.

Tamalez, gizakiak eta pertsonaiak ezaugarri partekatuak bazituzten. Euren familiek trauma emozional izugarriak eragin zizkieten eta horrek euren bikoteekin konprometitzeko ezintasuna ekarri zien. 

Perryren gurasoak ez ziren Chandlerrenak bezalakoak, baina telesaio edo filme baten protagonista izan ahal ziren. Hain zuzen, bere aita antzezlea zen (Estatu Batuetan famatu bilakatu zen Old Spice produktuen iragarkietako gizona zelako) eta bere ama ere emakume oso erakargarria zen. 

Inbidia sortzeko osagarri horiek, tamalez, ez zuten emaitzarik onena sortu. Perryk bederatzi hilabete zituenean banandu ziren bere gurasoak. Aita Los Angelesera joan zen eta bere ama Pierre Trudeau presidente kanadiarraren hurbileko prentsa langilea bilakatu zen (horregatik egungo Kanadako presidenteak, Justin Trudeauk, aspaldikoaren semeak, txiokatu du Perryri buruz).

Azkenean, guraso biak ez ziren bere haurtzaroan behar beste egon eta desagerpenak sekulako arazo psikologikoa eragin zion Perry gazteari. Berak esanda, bizitza osoa eman du maitatzen zuten bikoteetatik urruntzen. Ez zuen uste maitasun hori merezi zuenik eta harremanak eteten zituen eurek egin baino lehen. Nahiago zuen berak egitea beste norbaitek bere bizitzatik ateratzea baino. Emakume askori egin zien eta horien artean Julia Roberts bera egon zen.

Maiz damutu zitzaion Perryri horrela jokatzeak eta bereziki bitxia da Julia Robertsen kasua. 2001ean Robertsek Oscar saria irabazi zuen Erin Brokovich filma egiteagatik. Bere ibilbide profesionalaren une gorena zen Robertsentzat. Bitartean, Perry desintoxikazio saiakeran zegoen zentro batean, eta ikusi zuenean Oscarraren irabazleak bere mutilaguna muxukatzen zuela, hau oihukatu zuen jendez gainezka zegoen gela batean: "Berarekin itzuli nahi dut!!!". Inguruan zituen droga menpeko gaixo guztiek barre egin zuten.

Izan ere, Chandlerrek eta Perryk umorerako joera ere partekatzen zuten.

Drogak

Haurtzaroko traumaren beste alde iluna drogen kontsumoa eta menpekotasuna izan zen. Lehenik eta behin, alkohola, baina baita tabakoa, pilula opiodeak edota, neurri askoz txikiagoan, baita kokaina ere.

Gaztaroan kontsumo horiek guztiak ez ziren bereziki larriak Los Angeleseko testuinguru basatian, baina Friends telesaioaren eskutik arrakasta eta lana heldu zenean bere bizitzara, egoera okertzen joan zen Perryrentzat. Bere muga emozionalak arlo pribatuan, maite zituen lankideei huts egiten ari zienaren sentsazioa, dirua, ospea...

Chandler antzezten zuen bitartean hasi ziren bere etengabeko sarrera eta irteerak desintoxikazio kliniketan eta hori ere nabaria da telesaioan. Bere autobiografian esaten duen moduan, telesaioan gizen agertzen bazen, alkoholaren gehiegizko kontsumoaren eraginagatik zen. Aldiz, oso argal ikusten bazitzaion, pilula opioideen errua zen.

Chandler, Monica eta desintoxikazio klinika

Buru osasuna ordenean jartzeko ezintasunak eta desintoxikazio tratamenduek muturreko isla izan zuten Friends telesaioaren une garrantzitsuetan.

Esaterako, Monica eta Chandleren ezkontzan, Perry bere desintoxikazio klinika uzten zuen soilik errodajera joateko. Eta ez da ahaztu behar Friends publikoaren aurrean grabatzen zela.

Friends ostean

Telesaio arrakastatsua amaitu ondoren, protagonista gehienek bezala, Matthew Perryk ez du izan sekulako ibilbidea ikus-entzunezkoen industrian. Film batzuk, telesaioak, ekoizle lanak, gidoigilea, bere kabuz idazle edo antzerkigile gisa aritu da... Baina bere aberastasuna etxe izugarri garestietan eta drogetan xahutu du Perryk gehienbat.

Salbuespen azpimarragarriak egon dira. Berez, bere arazoak denbora tarte luzez gainditu dituenean, kanpaina politiko eta sozialei ekin die menpekotasuna dutenen kontrako espetxe zigorren aurka, eta ahal izan duen neurrian lagundu du.

Harik eta heriotzak hirugarren aldiz bisitatu duen arte. 54 urterekin zendu da barre algarak eragin dituen kanadiar horrek. Gazan milaka palestinar erailtzen dituzten bitartean, friboloa izan daiteke -eta bada- dirudun baten heriotzari erreparatzea, baina Mathew Perryk une umoretsu amaigabeak eman dizkigu askori, eta bere atzean zegoen drama azaltzea omenaldi txikia da, bere gorabehera pertsonalak pailazo tristearen madarikazioaren eredua izan baitira.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide