AGENDA

Arimen Gauaz gozatzeko hamaika deialdi Aiaraldean

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko urr. 31a, 08:54

Orotariko ekintzak prestatu dituzte gau misteriotsua girotzeko. / Aiaraldea.eus

Arimen Gauak beldurra eta algara zabalduko ditu Aiaraldeko herri eta auzoetan, eta haurrak gozoki eskean ibiliko dira mozorro eta trapu-zaharrak jantzita. Gaua girotzeko hamaika ekintza antolatu dituzte eskualdeko udalerri gehienetan.

Azken urteetan Arimen Gauaren ospakizunak berreskuratu dituzte Euskal Herriko hainbat txokotan, Aiaraldean tartean. Erro horietatik tiraka, beldurra eta dibertsioa uztartzeko hamaika ekintza prestatu dituzte eskualdean. Gehienak haurrentzat badira ere, badaude helduei bideratutako zenbait ere. Orozkon, Laudion edota Urduñan egingo dituzte jarduerak, besteak beste.

Misterioz jositako ibilbidea Urduñan

Urduñan ginkana prestatu dute. Arimen ibilbidea deitu dute ekimena. Parte hartzaileak 18:00etan abiatuko dira Foru plazatik hiriko txokoetako sekretu eta misterioak argitzeko. Ibilbidea, gainera, Getxa Goi Txistulari Elkarteak girotuta egingo dute. 

Arimen ibilbidea ez da urduñarrek gaurko gaua ospatzeko izango duten ekintza bakarra. Urduñako Guraso Elkarteak txokolatada prestatuko du 17:00etan Foru plazan, ekimen nagusiari heldu aurretik indarrak hartzeko. 20:00etan, aldiz, gaztaina erreak banatuko dituzte, Erauntsi dantza taldearen emanaldiarekin batera.

Talent Show-a Orozkon

Orozkok ere jarduera zaparrada jasoko du Arimen Gaua ospatzeko. Zure aurpegia ezaguna egiten zait lehiaketa antolatu dute, telebistako talent show-en antzera. 18:00etan abiatuko dute ekintza, non parte hartzaile bakoitzak bideo ezagunen bat imitatu beharko duen.

Orozkoko Guraso Euskaltzaleen Batzordeak ere hainbat ekintza prestatu ditu. Lehenik eta behin, mozorroak egiteko txokoa atonduko dute Zubiaur Plazan 16:30etatik aurrera, eta 17:00etan txokolate jana egingo dute. Behin mozorroak prest daudela, kalejira abiatuko dute 19:00etan, etxez etxe gozokiak batzeko helburuarekin. Azkenik, Elisse & Keko musika jartzaileek gaua girotuko dute 20:00etatik aurrera.

Hainbat eragile eta guraso elkarte batu dira Gau Beltza antolatzeko

"Xanduli manduli" esaka Laudion

Laudio Ikastola, Lamuza eta Latiorroko guraso elkarteak, Berbalagun, Basalarrina, Itxarkundia dantza taldea, Kirikiño eta Sorginlarren elkarteak arduratu dira Laudioko Gau Beltzeko egitaraua osatzeaz, elkarlanean. Lamuza Parkean jarri dute lehenengo hitzordua, 18:00etan. Hainbat tailer eta ekintza egingo dituzte bertan; beldurrezko makillajea eta kalabazak hustutzeko tailerra, besteak beste. Ziriekin jolasak egiteko eta kondaira zaharrak kontatzeko tartea ere izango dute.

19:30ean beldurrak uxatzeko kalejira egingo dute parketik, eta "xanduli manduli eman jatekoa guri!" esaka gozokiak eskatuko dituzte Laudioko kaleetan zehar. Kalejira amaitutakoan Herriko Plazan batuko dira berriro, txokolate janaz gozatzeko.

Haur zein helduentzako ekintzak Artziniegan

Adin guztiko herritarrek disfrutatu ahalko dute Arimen Gauaz Artziniegan. Bi ekintza prestatu dituzte, gaztetxoenentzat. Alde batetik, Pedro Albazan ipuin kontalaria kontu kontari arituko da 17:30etatik aurrera liburutegian. Bestalde, 18:30ean, sukaldaritza tailerra egingo dute Toñin Luengas frontoian. Azkenik, nagusienek, beldurrez beteriko ibilbidea egingo dute museoan barrena. 19:30ean abiatuko dute bisita berezia eta honezkero agortu dira bertan parte hartzeko plazak.

Arrankudiaga-Zollo eta Okondo

Arrankudiaga-Zolloko eta Okondoko bizilagunek ere ez dute Arimen Gaua ospatzeko aukera galdu nahi izan. Okondon Garaikoetxea parketik abiatuko dute etxez etxe gozokiak eskatzeko mozorro kalejira, 18:00etan. 19:00etan, aldiz, txokolate jana eta musika egongo dira bertan.

Arrankudiaga-Zolloko haurrek Iberlanda parkean jarri dute hitzordua, 19:00etan, eta "galdutako arimak topatzea" izango da haien xedea.

Aiaraldeko deialdi eta ekintza guztiak Agenda atalean kontsultatu daitezke.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide