Aiaraldea Kooperatiba Elkarteak bat egin du Euskalgintzaren Kontseiluak Bilbon deituriko manifestazioarekin

Erredakzioa 2023ko aza. 2a, 13:45

Larunbatean 17:30ean Jesusen Bihotzetik abiatuko den mobilizazioan parte hartzeko deia luzatu du Aiaraldea Kooperatiba Elkarteak. / Aiaraldea.eus

Euskararen aurkako oldarraldi judizialaren aurrean, Aiaraldea Kooperatiba Elkarteak bat egin du Euskalgintzaren Kontseiluak larunbat honetarako Bilbon deituriko manifestazioarekin. Deialdia zabaltzearekin batera, manifestaziora batzeko deia egin die bazkide eta eskualdeko herritar orori.

Euskalgintzaren Kontseiluak deituta eta Oldarraldiaren aurrean euskararekin bat, euskaraz bat lemapean, manifestazioa egingo dute larunbatean -azaroak 4- Bilbon. Kontseiluak euskararen biziberritzea helburu duten neurrien kontra auzitegietatik jasotako sententziekiko desadostasuna publikoki agertzea du helburu.  "Udal Legearen eta garapen dekretuaren gainean hartutako azken epaiek euskararen normalizazioaren aldeko politika publikoak egiteko jokalekua deseraiki dute", Euskalgintza Kontseiluaren hitzetan; "lehenik euskal hiztunontzako zaila zena, orain okerrago dago".

Herritar orori luzatu diote Bilbora bertaratzeko deia, eta hiru arrazoi aurkeztu dituzte mobilizazioaren beharrizanaz jabetzeko: botere judizialaren esku-hartzeak salatzea, euskararen normalizazioan aurrera egitea eta herritarren eskubideak erdigunean jartzea.

Aiaraldea Kooperatiba Elkartea ere oldarraldiaren aurka

Aiaraldea Kooperatiba Elkarteak atxikimendua adierazi dio Euskalgintzaren Kontseiluak larunbaterako deitutako manifestazioari. Langile eta bazkideek deialdiarekin bat egin, eta 17:30ean Jesusen Bihotzetik abiatuko den mobilizazioan parte hartzeko deia luzatu diete Aiaraldeko bizilagun guztiei. Eskualdeko herritar guztiak batera joateko asmoz, tren-kedadak ere zehaztu dituzte:

  • 15:26 Urduña
  • 15:32 Amurrio
  • 15:38 Luiaondo
  • 15:44 Laudio
  • 15:46 Areta
  • 15:48 Arakaldo
  • 15:51 Arrankudiaga

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide