YOUYOU-IRRINTZI

“Irrintziari begirada garaikideagoa eman diogu”

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko aza. 3a, 08:57

Faktorian bi sormen laborategi egin ostean Bruselara bidaiatu dute proiektuko kideek. / Aiaraldea.eus

Aiaraldeko irrintzilariak dira GURENE GRANDE, NEREA IGLESIAS eta PAKI OFIZIALDEGI. Azken hilabeteak irrintziari buruzko sormen laborategi batean murgilduta eman dituzte.

YouYou-Irrintzi sormen laborategia gauzatu berri duzue Faktorian. Zein da proiektuaren abiapuntua?

Nerea: YouYou-Irrintzi proiektua dator 2022an Flandrian egindako bisita kultural batetik. Faktoriako kide bezala bertan izan nintzen, eta bertan ezagutu nuen The YouYou Group.

2023an Flandria eta Euskal Herria saretzeko diru-laguntza marko bat aurkeztu zuten, nolabait ere bi herrialdeen arteko lankidetza eta harremana indartzeko asmoz. Deialdi horri erantzunez, eta hemen, Orozkon, irrintzi tradizio handia zegoela aprobetxatuz, iruditu zitzaidan proiektu interesgarria gara genezakeela gaiari lotua.

The YouYou Groupi hasieratik oso ideia polita iruditu zitzaion. Oso gogotsu zeuden irrintziaren munduan murgiltzeko. Denbora luzea eman genuen bilerak egiten eta proiektua definitzen.

Zer talde mota da Flandriako The YouYou Group?

Paki: YouYou irrintziaren tankerako oihu bat da, baina Afrika Iparraldekoa. 2014an Bruselan elkartu zen nagusiki emakumez osatutako talde bat, oihu horren inguruan aztertzeko. Urte hauetan guztietan mundu osoko gisa honetako oihuak aztertu izan dituzte.

Gurene: Ekinzta bakar bat prestatzeko sortu zen The YouYou Group hasiera batean, baina oso interesgarria iruditu zitzaien egindako lana eta segida ematea erabaki zuten, bestelako oihuak ezagutuz. Taldeak mundu osoko oihu desberdinak ikertzen ditu, eta, gerora, euren ikuskizunak egiteko baliatzen dituzte ikerketen fruitu guztiak. Oihu bakoitzaren zaratak banatu egiten dituzte eta sormen pieza osoak garatzen dituzte horrekin.

Nerea: Ikerketa horiek praktikoak izaten dira nagusiki. Lehenik eta behin praktika artistikoa garatzen dute, gero teknikan sakontzen dute, eta, azkenik, praktika sozio-kulturala egiten dute; hau da, jendearen historiak partekatzea. Oihuen atzean dauden pertsonak elkar ezagutzea taldearen parte garrantzitsua da: zergatik egiten duten oihu, non ikasi zuten… Euskal Herrira etorri aurretik, antzeko esperientziak garatu dituzte Frantzian, Israelen eta Alemanian. Hemengo esperientzia, ordea, nahiko berezia izan zaie. Izan ere, normalean, hiriburetan egiten dute lan; oraingoa izan da lehenengo aldia landa-eremura jo eta jatorri bakar bateko pertsonekin lan egin izan dutela, guztiak irrintzilariak. Nabaritu dute kultura identitate oso errotua dugula hemen.

“Irrintzia sormenerako tresna bat izan daitekeela ulertu dugu”

Nolakoa izan zen proiektuaren garapena?

Nerea: Hasierako saioak elkar ulertzera bideratu genituen. Hots, bagenekien Euskal Herrian irrintzia bazegoela, baina eurak soinu-performaceak egiten dituzten taldea dira, gu, aldiz, egitura kultural bat. Orduan lan handia egin genuen norberak proiektura zer eskaini zezakeen argitzeko. Hau da; gu, esaterako, ez gara konpainia bat duen espazio kulturala.

Argi genuena zen irrintzia den ondare inmaterial horrekin zerbait egin nahi genuela; transmisioa landu, besteak beste. Bide komun bat topatzen eman genituen zenbait hilabete. Hasieran, gainera, ez genekien jendea animatuko zen edo ez proiektuan parte hartzera; eskualdeko irrintzilariak, oro har, ez dira artista bokalak, kaleko jendea baizik.

Oso erraza izan zen motibazioa aurkitzea. YouYou taldekoek interes handia zuten irrintzian. Aurretik entzuna zuten, eta berarekin esperimentatu nahi zuten. 

Zein da proiektuaren helburua?

Nerea: Proiektuaren muina edo helburua irrintziari begirada garaikideagoa ematea izan da. Ni irrintzilaria eta musikaria naiz, banekien irrintziak beste potentzial bat izan zezakeela, hasieran horri forma nola eman ez nekien arren. Gaur egun oso kokatuta dago folklorean eta festa-giroko momentu esporadiko batean, beste espazio batzuen falta dago irrintzia botatzeko. 

Gurene: Ohiko testuingurutik atera nahi genuen irrintzia. Nereak esan bezala, beti hipintzen dugu harremanetan irrintzia abesti baten zati batekin, edo jaietako giro batekin. Baina proiektuan, bere betiko kontestutik atera dugu eta nik uste lortu dugula beste forma bat ematea.

Paki: Irrintziaren posibilitateak aztertu ditugu eta harrituta geratu gara emaitzarekin!

Nerea: Irrintzia sormen tresna bat izan daitekeela ulertu dugu proiektuarekin. Beste helburu inportante bat ere Aiaraldeko irrintzilariak saretzea izan da. Azkenik, proiektuaren azken helbura izan da elkar truke kultural bat egitea Flandria eta Euskal Herriaren artean.

Zein da zuen lotura irrintziarekin, eta nola batu zineten Faktoriako Kultur lantaldeak abiatutako proiektura?

Gurene: Ni Orozkoko jaietan hasi ninzten irrintziak botatzen. Duela hamar urte inguru jaietako irrintzi txapelketan parte hartzera animatu ninduten lagunek. Ordura arte ez nuen irrintzirik bota, baina abesbatzan nengoenez eta ahots ona nuenez oholtzara igoztera bultzatu ninduten. Igo ninzten eta irabazi egin nuen. Geroztik leku askotatik deitu naute irrintziak botatzeko: musika talderen batekin aritu naiz, film-laburren batean azaldu naiz irrintzika, Amama pelikulan paper txiki bat izan nuen, telebistara ere gonbidatu naute hainbatetan...

Deialdia zabaldu zuten Faktoriako sormen egonaldian parte hartzeko eta ez nuen zalantzarik izan. Irrintzilari bila zeuden eta hurbildu egin nintzen.

Paki: Ni kasualitatez batu nintzen. Bilera bat egin nuen Nerearekin beste kontu bat lantzeko eta ni koro batean nengoela jakin zuenean bertako irrintzilarien inguruan galdetu zidan. Esan nion bazeudela irrintzilari bi, baina ezinezkoa zuten proiektura batzea. Nik duela hiru urte ikastaro txiki bat egin nuen. Bizkaiko emakume batek ematen ditu horrelako tailer txikiak. Niri beti gustatu izan zait irrintzia baina ikastaroa egin aurretik ez nintzen botatzera ausartzen. Orain ordea bai. Konfiantza gehiago daukat, teknika asko hobetu behar dudan arren. Oso irrintzi laburrak dira nireak.

Sormen laborategiko lehenengo egunera hurbildu nintzen “bultoa” egitera, hainbeste gustatu zitzaidan hemen geratu ninztela!

Bi sormen laborategi egin dituzue. Zer landu duzue bertan?

Gurene: Bi sormen laborategi egin ditugu. Lehenengoa irailean eta azkena orain, urrian. Azkenengoa intentsoa izan da, bost egun jarraian eman ditugu, egunero hiru orduz. Nire abesbatzan badaude irrintzilari gehiago baina ezin izan dira etorri, hainbesteko dedikazioa ezin ziotelako eskaini.

Paki: Lehenik eta behin YouYou Gorupeko kideekin elkartu ginen eta irrintziaren inguruan hausnartzen egon ginen, elkar ezagutzeko asmoz. Gerora ideiak moldatzen hasi ginen irrintzia sormen tresna bilakatzeko helburuarekin. YouYouko kideek nahiko argi zuten zer nahi zuten egin, gu gutxika-gutxika joan gara bdiea egiten.

Gurene: Sormen laborategiko saioak erlxatzeko ariketa batzuekin hasten genituen. Gero ahotsak bertzen genituen oihu desberdinak egiteko. Espazioari garrantzi berezia eman diogu ere. Izan ere, gure performancea Faktoirari bertan egin genuen, beraz espazioa aztertzea ezinbetsekoa izan da: materialak, lekuak, mugimenduak… Laborategiaren emaitza izan zen performanceari begira atal desberdinak prestatuz joan ginen ere, partitura osatuz nolabait. Ariketetako bat gure arteko irrintzi bidezko elkarrizketa bat zen, beste atal bat blessing deitzen zuten... 

Nerea: Niretzako soinua eta espazioaren arteko harremana izan da sormen laborategiko konturik interesgarriena, nire gorputzaren baitan dauden soinuek nola jokatzen duten inguruarekin.

Gurene: Hiru gauza nabarmenduko nituzke nik bai: gorputzarne mugimendua, soinua bera eta espazioan zelan mugitu.

Paki: Ez gara geratu soilik irrintziak botatze horretan. Ikuspegi artistiko bat landu dugu, baita bat-batekotasuna ere.

Sorkuntza Laborategiko lana Faktorian aurkeztu zenuten performace batera bideratu duzue.

Gurene: Nahiko abstraktua izan da. Nik arte ederrak ikasi ditut eta horrelako gauzetara ohitua nago. Hau ere oso abstraktua eta konzteptuala izan da.

Paki: Nik lagunak ohartarazi nituen: “etorri baina pentsatuko duzue hauek zoro daudela” (barreak).

Nerea: Inprobisazioa izan da, baina nahiko gidatua. Premisa oso argiak genituen ikuskizunean zehar: hiru rol genituen soilik, eta horiek tartekatzea zen helburua. Taldearen koordinazioa eta elkar nola sentitzen dugun izan da gehien bat landu eta taularatu duguna.

Pozik ikuskizunaren emaitzarekin? Zer sentsazio jaso duzue ikusleen partetik?

Gurene: Nik uste taldea, oro har, nahiko pozik atera dela. Egia da inporbisazioak nahiko beldurtzen gintuela. Guk gidoi bat osatu nahi genuen, baina emaitza oso txukuna izan da. Publikoa ere oso gustora geratu zen. Oso ondo ulertu eta oso ondo sentitu zen transmititu nahi genuena; irrintzia moldatu eta garaikidetu dugula.

Nerea: Oso hunkigarria izan zen. Ni berriz egiteko gogoekin nago, uste dudalako Faktorian ikuskizuna eskaini genuen egunean oso urduri geundela, eta gauza batzuk oso azkar egin genituela. Lan artistikoak posoa hartzen du egin heinean. Gehiagotan egin behar dugu hau guztia nola garatzen doan ikusteko.

Paki: Oso emozionantea izan zen. Hasieran egia da oso azkar joan ginela, biana erlaxatu ahala asko disfrutatu genuen. Ni oso pozik atera nintzen.
Gurene: Ikuskizunaren ostean egin genuen solasaldian aipatu zuten hizkuntza berri bat garatu genuela, eta hori oso definizio polita iruditzen zait.

Irrintziaren historiaren eta norberak oihuarekin duen harremanaren artean ikasteko parada ere izan duzue?

Gurene: Taldean egon da nagusiagoa den emakume bat, Rakel, eta berak bai kontatzen zuen bere gurasoengandik ikasi zuela irrintziak botatzen. Mendian zeudenean elkarri deitzeko baliatzen zituzten. Hiletetan ere erabiltzen zituztela ere kontatu zigun. Nik, ordea, beti jai testuinguruan ezagutu ditut.

Nerea: Rakelen parte hartzea oso interesgarria izan da, ulertzeko bakoitzak zer nolako binkulazioa duen irrintziarekin. Beste batzuek familian elkarri esaten ez zizkioten gauzak esan eta barrenak askatzeko erabiltzen zuten irrintzia. Hamaika lotura dago oihuarekin.

Paki: Gure buruari galdetu genion ea antzina irrintzi bidezko koderik ba ote zegoen. Komunikatzeko tresna izan zitekeen.

Zer behar du irrintzi batek?

Nerea: Nik uste egonaldiak balio izan digula ere ulertzeko bakoitzak irrintziak modu batera botatzen dituela, eta denak direla onak. Guztiek dute bere balioa. Lehiaketen perspektibatik askotan oso markatuta dago zer den eta zer ez den irrintzi on bat (iraupen luzekoa, kadentzia daukana, bukaera ozen batekin…). Molde eta ezaugarri horiekin apurtu dugu.

Paki:  Irrintzia barruko gauza dela ulertu dugu, ez da kontu akademikoa. Barruan duzun zerbait botatzeko tresna da.

Eta zerk definitzen du irrintzi bat?

Gurene: Gure irrintziak bi zatitan bereizten ditugu: hasierako “ai ai ai ai” zati hori, eta gero beti gorde behar da arnas pixka bat azkenengo “yi ji ji” hori botatzeko.

Paki: YouYou Groupeko kideak oso harrituta geratu ziren gure irrintzien azken zaitarekin.

Gurene: Bai, eurak ikertu eta landu dituzten oihuetan hasierako zatia nahiko antzekoa da, Afrika iparraldeko soinuetan adibidez. Azken zatia, ordea, oso gurea da. Haientzako nobedosoa izan da.

“Ameslari jarrita; nahiko nuke gehiagotan elakrtu eta gure artean irrintzi bidezko pieza artistiko berriak sortu”

Zein da proiektuaren etorkizuna?

Gurene: Taldea sortu da eta elkar ezagutu dugu. Sormen laborategi batean egon gara murgilduta eta performance bat eskaini dugu. Nik uste orain gure artean batu eta gauzak egiten jarraitzeko unea dela.

Nerea: Hurrengo hitzordua Bruselan dugu jarrita. Faktorian sortutako guztia bertara eramango dugu, eta azken ikuskizun batzuk egingo ditugu YouYou taldeko kideekin. Bertatik bueltatzen garenean uste dut aurrera egiten jarraituko dugula talde bezala, ikusi beharko dugu.

Paki: Lehen ez zeuden ate batzuk zabaldu zaizkigu orain.

Gurene: Oso talde ekitatiboa sortu dugu. Guztion ideiak hartzen ditugu kontuan. Hortik tiraka, guztion artean erabaki beharko dugu zein den taldearen etorkizuna.

Nerea: Ameslari jarrita; nahiko nuke gehiagotan elkartu eta gure artean irrintzi bidezko pieza artistiko berriak sortzea. Asko gustatuko litzaidake ere ikusentzunezko proiektu bat garatzea guztion artean sortu duguna gordeta uzteko, eta belaunaldi berriei irrintziaren transmisioa bermatzeko.

Gurene: Transmisioa oso gauza inportantea da. Orozkon, esaterako, haurrentzako txapelketa ugari antolatzen ditugu, irrintzilarien harrobi bat sortu eta honi jarraipena emateko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide