AIARALDEA HEMEN

Kalean da Aiaraldea Hemen hamabostekariaren zenbaki berria

Erredakzioa 2023ko aza. 8a, 12:31

Gai ugari jorratzen ditu hamabostekariak. / Aiaraldea.eus

Inprimategitik atera berri da Aiaraldea Hemen hamabostekariaren zenbaki berria. Frankismo garaiko lan-esklaboaren aurka aurkeztutako lehenengo kereila kolektiboa, Aiaraldeko Soinu Sistemaren hamargarren urteurrena edota Gorobel Ibilaldia dira jorratutako gai nagusiak, besteak beste.

Kalean dago honezkero Aiaraldea Hemen hamabostekariaren ale berria, 189. zenbakia, alegia. Isabel Bovedari egindako elkarrizketa jaso dugu azalean. Izan ere, Bovedaren aita, Enrique Boveda Ortiz de Zarate, Iragiko kontzentrazio-esparruan egon zen preso 1940an, behartutako lanak egiten. Orain, bertan preso egondakoen senide talde batek Frankismo garaiko lan-esklaboaren aurkako lehenengo kereila kolektiboa aurkeztu du, gertatutakoak argitzeko asmoz.

Bestelako gai xamurragoak ere jorratu ditugu agerkariaren azken zenbakian. Horien artean, Aiaraldeko Soinu Sistema kolektiboaren hamar urteko ibilbidearen birpasa. Horretarako Xabier Berganza elkarrizketatu dugu, eta reggaea eta bozgorailuak oinarri dituen mugimenduaren nondik norakoak azaldu dizkigu.

Futbola, mendia eta askoz gehiago

Kirolari ere egin diogu tartea hamabostekarian. Alde batetik, Altzarrate futbol taldeko jokalariak elkarrizketatu ditugu. Altzarrate bigarren geratu da berriki Arabako Kopako txapelketan; eta liga irabaztea dute orain erronka nagusia.

Bestetik, Mendiko Lagunak taldeak igandean antolaturiko Gorobel Ibilaldiaren XXXVII. edizioari ere espazioa gorde diogu. Horretarako, Endika Larrazabalen irudi ikusgarriekin osatutako argazki erreportajea argitaratu dugu hamabostekarian.

Hauek eta beste hainbeste gai topatu daitezke Aiaraldea Hemen hamabostekariko orrietan. Bihartik aurrera banatuko da hamabostekaria eskualdeko saltoki, taberna, ikastetxe, kulturgune, liburutegi eta kaleetan, doan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide