Zolloko eta Lezamako jaiek alaituko dituzte azaroko egun hotzak

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko aza. 8a, 16:00

Bizilagunen topaleku izango dira Lezamako eta Zolloko jaiak. / Aiaraldea.eus

Ekintzaz beterik dator azaroa eta, urtero bezala, Zolloko eta Lezamako jaiak izango dira protagonista nagusiak. Bi herriek asteburuan ospatuko dituzte festak, ekintzez beteriko egitarauekin.

Azaroan ere ez dira faltako Aiaraldeko herri eta auzoetako festak. Ohikoan bezala, Zolloko eta Lezamako jaiek hartuko dute protagonismoa, baina hitzordu gehiago ere egongo dira.

Azaroaren 10ean hasiko dira Lezamako jaiak. Administrazio Batzarrak hiru eguneko egitarau oparoa prestatu du. Auzokideak Lezamako txokoaren inguruan elkartuko dira, bazkari eta afari herrikoietan. Larunbata izango da egunik oparoena. Egitaraua goizetik gauera luzatuko da, eta Akerbeltz erromeriaren eta DJ Varro musika jartzailearen kontzertuak izango dira osagai nagusiak. Ohiturari jarraituz, Lezamako Mendi Martxarekin eta honen osteko poteo eta mus txapelketarekin agurtuko dituzte aurtengo jaiak.

Zolloko Jaiak

Lezaman bezala, Zollon ere azaroaren 10ean jaurtiko dute lehenengo suziria, 20:00etan. Jarraian Orkresta Elektrotunak alaituko ditu herriko basterrak. Larunbatean musika eskaintza izango da nagusi. 20:00etan hasiko dira kontzertuak eta goizeko ordu txikiak arte ez da festa geratuko. Oholtza gainera Los Gavilanes mariatxi taldea, Alarma Morea, Kristonak eta Beranduegi erromeria igoko dira.

Zollotarrek azaroaren 18ra arte luzatuko dituzte festak. Larunbat horretan herri bazkaria egingo dute bizilagun guztiak elkartzeko asmoz. Horrela agurtuko dituzte jaiak datorren urtera arte.

Ugarte Eguna

Ugarteko jaiak aspaldi igaro baziren ere, auzoko jai batzordeak herritarrak beste behin batzeko egitaraua prestatu du azaroaren 18rako. Auzokideen arteko harremanak estutzea dute helburu, eta bazkaria eta kontzertuak prestatu dituzte horretarako.

Aiaraldea Komunikabidearen agendan kontsultatu daitezke egitarau guztiak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide