AIARALDEKO SOINU SISTEMA

“Jendeak ondo pasatzea eta jaiak errespetuz gozatzea; hori da helburua”

Aitor Aspuru Saez 2023ko aza. 14a, 07:11

XABIER BERGANZA URRUELA (Amurrio, 1990) Aiaraldeko Soinu Sistemako kidea da. Hamar urte daramatzate reggae soinuak autogestioz hedatzen. Kolektiboaren nondik norakoak aletu ditu.

Hamar urte bete ditu aurten Aiaraldeko Soinu Sistemak. Nola ospatuko duzue urteurrena?

Aurten hamar urteak ospatzeko, Raw aretora joango gara, datorren azaroaren 18an. Barakaldon egingo dugu jaialdia. Ingalaterrako ekoizle eta selektore bat gonbidatu dugu, hamar urteak ospatzeko. Bere izena Aba Shanti da, gure mugimenduan indar handia duen selektore bat da, oso ospetsua. Horra joatera gonbidatzen zaituztegu.

Soinu sistemaren hizkera kontrolatzen ez dugunontzat, zer da selektorea?

Selektorea biniloak hautatzen dituen pertsona da. Askotan ekoizleak dira ere, musika ekoizten dute. Tipo hau oso famatua da, urte asko daramatzalako musika hautatzen eta Ingalaterran saio asko antolatzen. Horregatik gonbidatu dugu. Azken finean izen handia dauka gure mugimenduan, eta aproposa iruditzen zitzaigun bera gonbidatzea.

Zein izan da Aiaraldeko Soinu Sistemaren ibilbidea hamar urte hauetan?

Aiaraldeko Soinu Sistema Mugimendua zen hasieran, gerora izena moztu genuen, murriztu genuen, eta Aiaraldeko Soinu Sistema geratu zen. Urteak pasa ahala kide kopurua murriztu eginda, orain aktiboki bi kide gaude bakarrik.
Lehenengo urteetan jende asko inplikatu zen. Baina denborarekin batzuk lanean hasi dira, beste batzuk kanpora joan dira bizitzera… Bi bakarrik geratu gara, eta bion artean jarraitzen dugu proiektua aurrera eramaten.

“Musika estilo askoren jatorrian dagoena Jamaikako reggaea da”

Zertan oinarritzen da soinu sistemaren diziplina hau?

Jamaikan jaio zen diziplina da. Guk jarraitzen dugun eredua jamaikarra da. Bertan hasi zirenean soinu sistemak egiten, kalean bozgorailuak jartzen zituzten eta edaria saltzen zuten jai horietatik etekina ateratzeko. Urteen poderioz Ingalaterrara joan zen mugimendua. Horregatik guk jartzen dugun musika asko Ingalaterratik dator, beste asko Jamaikatik ere. Ingalaterrakoa da gehien gustatzen zaiguna.

Jamaikan eta Ingalaterran erroak dituen arren, mundu osotik zabaldu da.

Azken finean musika estilo askoren jatorrian dagoena Jamaikako reggaea da. Reggaea zabaldu zenean bertatik eratorri ziren hip-hopa, drum & bassa, dub stepa… Azpiestilo asko daude, baina guztien oinarria Jamaikako reggaea da. Espainiako estatura ere indartsu iritsi zen. Bilbon, esaterako, oso mugimendu indartsua egon da. Gurea, esaterako, Euskal Herriko bigarren belaunaldia da, eta horrek indar asko eman digu. Hasi ginenean mugimendua ahul zegoen ordurako, nolabait guk eman diogu indarra, eta hori garrantzitsua izan da guretzat. Saio asko atera zaizkigu eta asko ibili gara Espainia eta Frantziatik mugimendua erakusten eta irakasten.

Zuen kasuan zein musika estilo jarzten duzue?

Hasi ginen genero askotako musika jartzen, baina orain murriztu egin dugu eta reggaea da nagusiki jartzen duguna. Hastapenetako reggaea, ska edo rock stadya jartzen dugu. Roots deitzen den 1970eko Jamaikako musika ere jarzten dugu. Azkenaldian modan jarri den stepa edo UK dub musika jarzten dugu ere. Azken hauek Europan sorturiko estiloak dira, beraz, esan bezala, Jamaika eta Ingalaterrako musika jartzen dugu nagusiki.

Aretoei dagokienez ere izan duzue bilakaera bat; Laudioko gaztetxean hasi zineten, baina orain badituzue beste plaza batzuk.

Bai, azken finean Laudioko gaztetxea itxi zutenean beste leku batzuk bilatu behar izan genituen. Gure lehenengo geltokia Boluetako Mito aretoa izan zen; bertan urte bete egon ginen lan egiten. COVID-19a etorri zenean gelditu egin ginen. Orain Raw aretoarekin hasiko gara lan egiten. Ea zer moduz ateratzn den.

Arazoa da gure bozgorailuek indar asko daukateal eta ezin direla edonon jarri. Horregatik leku aproposa bilatu behar da saioak egiteko.

Arazoa edo abantaila.

Abantaila hori da (barreak). Faltan botatzen dugu hastapenetako eredu hori. Azken finean Aiaraldeko gaztetxeetan ikasi genuen autogestioaren eredua eta mugimendu okuparen eredua. Hasi ginenean Laudioko Gaztetxea zegoen, baina baita La Cuadra, Chabakania eta Orbeko Etxea.

“Aiaraldeko gaztetxeetan ikasi genuen autogestioa eta mugimendu okuparen eredua. Hasi ginenean Laudioko Gaztetxea zegoen, baina baita La Cuadra, Chabakania eta Orbeko Etxea”

Gure lehenego konztertua Orbeko Etxean izan zen, gero mugitu ginen Laudioko Gaztetxera. Hori faltan botatzen dugu, baina bilatzen dugun helbururako espazio hauek txiki geratu dira orain.

Lehenego urte horietan mikrofonoarekin ikusten zintugun gehiago. Aldatu da hori?

Lehen mikrofonoan egoten nintzen gehiago bai. Orain operadore moduan ere aritzen naiz. Hortik kanpo promotore lanetan ere ibiltzen naiz; beti nabil kontzertuak bilatzen, aretoak bilatzen edo artistekin hitz egiten saioak aurrera eramateko.

Gauza bat egiten hasten zara, baina denborarekin gero eta gauza gehiago egin behar dituzu. Mikrofonoarena parte txiki bat baino ez da. Lan asko dago soinu sistemaren atzetik: mantenua egin behar da, dena eguneratuta eraman… 

Soinu sitemaren filosofiaren zati handi bat bada zuen bozgorailu propioa egitea.

Bai hori da, eta guk hori egin dugu autogestioaren bidetik. Azken finean uste dut gu bezalako proiektu gutxi daudela mugimendu honetan. Gure lehenengo urteetan ateratzen genuen etekin bakarra Laudioko Gaztetxean edaria saltzetik eta merchan-a saltzen lortzen genuen soilik. Horrek denbora asko darama, etekina oso txikia da eta soinu sistema eraikitzeak inbertsio handia eskatzen du.

Urteekin hasi ginen dirua egiten. Hiru urte behar izan genituen sound system txiki bat izateko. Horrekin hasi ginen lanean. Orain, denborarekin ikusita, oso gauza polita izan da guretzat; saio asko egin ditugu dirua ateratzeko eta horrela beteranoa bilakatzen zara. Badakizu musika nola jarri, nola ajrri bozgorailuak… Hori irakaspen polita izan da guretzat; autogestioaren bidetik soinu sistema eraikitzea.

“Amurrioko Jaietan zortzi bozgorailu estreinatu genituen, eta hasierako lan-talde guztia egon zen. Oso polita izan zen”

Hastapen horietan egondako jendeak jarraitzen du laguntza eskainzten?

Hasieran bederatzi edo hamar kide izango ginen. Gaur egun ere, nahi dutenean hurbiltzen dira eta musika jartzen dute. Ez diogu atea inori ixten. Hastapenetan egon ziren haiek ere proiektuaren parte dira. Proiektua ezerezetik handitasunera erametko prozesuaren parte izan dira, eta hori oso garrantzitsua da. Amurrioko Jaietan zortzi bozgorailu estreinatu genituen, eta hasierako lan-talde guztia egon zen. Oso polita izan zen.

Zer azpiegitura behar da zuena bezalako sound system bat izateko?

Lehen zortea geneukan Luiaondon bazegoelako furgonetak alokatzeko lokal bat, baina orain Bilbora jo beharra dugu. Oso furgoneta handiak behar dira dena mugitzeko.

Saioa larunbatean baldin badugu, lana ostiralean hasten da. Abandon alokatzen dugu furgoneta, Amurriora etorri, dena kargatu, montatu, desmontatu… asteburu osoko lana da. Aukeratu dugun lana eta militantzia da, gustora egiten dugu. Hau da egiten dakiguna.

Asko hitz egin dugu lanaz, baina hamar urteko ibilbidean aurrera egiteko onuraren bat izango zuen. Zerk motibatzen zaitu gehien?

Ni motibatzen nauen kontu garrantzitsu bat da hasieran genuen helburu bera: jendeari erakustea proiektu autogestionatu bat indartsua izan daitekeela. Guk ez dugu inoiz dirurik jarri. Proiektua finantzatzeko lortutako diru guztia gure jaietatik lortu dugu. Hori izan da nir lehenengo motibazioa.

Orain izen bat daukagu, eta belaunaldi berriei irakatsi nahi diegu nolakoa den soinu sistemaren kultura. Polita da belaunaldi berriak hazten ikustea. Hamar urte daramatzagu musika jartzen, bozgorailuak eraikitzen… Uste dut orain gure egitekoa gazteei irakastea dela. Guk jaso genuen bezala belaunaldi berriei transmititzea.

Eta saioan murgilduta zaudenean?

Aurrekoan, adibidez, Durangon montatu genuen soinu sistema. Jendea dantzan, saltoka eta irribarrez ikusten duzunean guztia ondo dabilenaren seinale da. Itxi arte musika jarri eta gozarazi, ez dago beste misteriorik. Azken finean guk hau egiten dugu jendeak ondo pasatzeko eta jaiak errespetuz gozatzeko. Hori da helburu bakarra.

Gure musika ez da musika komertziala, ez da leku askotan entzuten. Hori da betse helburu motibagarrietako bat; jendeak musika honekin disfrutatzea.

“Gure saio guztietan jartzen dugu euskarazko musika, orain barneratuago daukagu, baina lehen nahiko ezohikoa zen”

Hamar urte hauetan findu dituzue begiak eta belarriak, une bakoitzean zer musika jarri jakiteko?

Bai, hamar urte hauetna asko ikasi dugu; hori da gure lana. Musika jartzen baduzu eta jendeak ez badu dantzatzen, zerbait ondo ez dabilenaren seinale da. Musika estiloa aldatu behar duzu edo mikrofonotik jendea motibatu. Hamar urte asko dira, eta asko ikasten da.

Hamar urte hauetako hiru une hautatu beharko bazenitu, zeintzuk izango lirateke?

Aurten Bogotan izan gara, Kolonbian, musika jartzen. Hori oso esperientzia polita izan da. Uste dut Bogotan ez dela inoiz musika euskaraz entzun eta guk euskaraz egin genuen saioa. Jendeak galdetzen zigun ea zer hizkunzta zen hori.

Laudioko Gaztetxean hasi ginen Reggae Ta Ke izeneko jaialdia egiten. Horra ekartzen genituen nazioarteko artistak. Gogoratzen dut lehenengoa Gambiako tipo bat izan zela. Hoir izan zen gure lehenego urratsa kanpoko artistekin lan egiteko.
Azkenik, Madrileko bi saioren oso oroitzapen onak ditut. Madrilen musika euskaraz jartzea ere polita izan zen. Jendea ikustea euskaraz egindako musika disfrutatzen oso polita izan zen. Gure saio guztietan jartzen dugu euskarazko musika, orain barneratuago daukagu, baina lehen nahiko ezohikoa zen.

Hamargarren urteurrena ospatzeko jaia duzue azaroaren 18an. Zeintzuk dira hurrengo datak?

Hilabetero egongo gara Raw aretoan, nazioarteko artistekin saioak egiten. Abenduan Baionara joango gara, urtarrilean Iruñera eta Santiagora. Aukera asko egongo dira gurekin disfrutatzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide