Aiaraldeko behi arabarren %25 kutsatu du gaixotasun hemorragiko epizootikoak, abeltzainen arabera

Aitor Aspuru Saez 2023ko aza. 12a, 12:00

Behi talde bat Gorobelen. / Aiaraldea.eus

Aiaran eta inguruko herrietan Gorbeian baino askoz handiagoa izaten ari da eragina, eta abeltzain guztiak arduratuta daude, esplotazioen itxiera ekar dezakeelako gaixotasunak etorkizunean.

Behien gaitz hemorragiko epizootikoa ardura handia sortzen ari da Aiaraldean, bereziki Arabako abeltzainen artean. Izan ere, urriaren hasieratik kasuak biderkatu dira eskualdean, Aiaran eta inguruko herrietan batez ere. Han, abeltzain aiarar baten aburuz, animalien % 20 eta % 25 artean kutsatu dira. "Horrek ez du esan nahi behi talde guztien laurdena gaixorik dagoenik. Leku batzuetan ez dago ia kasurik eta beste batzuetan behien erdia kutsatu da. Halaber, animali horiek guztiek ez dituzte sintomak, baina asko kutsatu dira", azaldu du lehen sektorean dabilen profesionalak.

Egoera ez da horren larria Gorbeian eta ingurutan behi aziendak dituztenen artean. "Tantaka-tantaka agertu dira behi gaixoak, baina ez Aiaran bezala. Egia da aurretik hasi ginela botikak ematen eta izan liteke gure lan ereduak (ez horren intentsiboa denak) lagundu izana", argitu du haragi ekoizle orozkoar batek.

Sintoma anitzak eta sendabiderik ez

Aiarako zein Orozkoko abeltzainek, ataka ezberdinetan egonda ere, arazo bera aipatu dute: ez dago sendabiderik, botika falta dagoela eta sintomak oso bestelakoak direla. 

"Behi batzuk hiltzen dira, beste batzuek abortoak dituzte, txahalak hiltzen dira, badaude artritia edo mugitzeko arazoak adierazten dituztenak eta beste animali batzuek ugaltzeko gaitasuna galdu dute"

"Behi batzuk hiltzen dira, beste batzuek abortoak dituzte, txahalak hiltzen dira, badaude artritia edo mugitzeko arazoak adierazten dituztenak eta beste animali batzuek galdu dute ugaltzeko gaitasuna. Halaber, ez dakigu zer gertatuko den asintomatikoak direnekin. Hori guztia larritzeko modukoa da etorkizunari begira. Behiak eta zezenak ugaltzeko gaitasunik gabe geratzen badira, gure ekoizteko aukerak murriztuko dira eta egoera ekonomikoa zaila da jadanik". 

Txerto edo tratamendu baten beharra

Gauzak horrela, eta aintzat hartuta eltxoek kutsatzen dituztela animaliak ziztadekin, erakundeek eta abeltzailek espero dute hurrengo hilabete hotzek tregoa ematea gaixotasunaren zabalpenari, baina buruhausteak sortzen ditu tarte horren ostean gertatuko denak: "Hasteko, ez dakigu zer gertatuko den kutsatutako animaliekin. Batzuk sakrifikatu beharko ditugu. Gainera, ugaltzeko gaitasuna galtzen badute, gure ekoizpenak behera egingo du. Bestalde, sendabiderik ez bada agertzen, udazkenean edo udan egoera berean egon gintezke".

Botika eraginkor baten faltak ezbaian jartzen du abeltzainen bideragarritasuna. "Europan ez dago tratamendurik, baina Estatu Batuetan txertoa badute, hori bai, hemen baimendu ez dena. Edonola ere, erakundeek ez diote interes berezirik jarri txertoa ikertzeari", kritikatu du abeltzain arabar batek.

Oreinak ere gaixorik

Behietan ez ezik, animali basatietan ere eragina dauka gaitz hemorragiko epizootikoak eta badirudi orein hilak agertu direla Salburuan zein Gorbeian.

Larrialdi planaren exijentzia

Gauzak horrela, abeltzain batek aldarrikatu du plan berezia behar dela lehen sektorea babesteko: "Arabako Foru Aldundiak iragarri du 300.000 euroko dirulaguntza berezia jarriko duela abian, baina kontuan hartu behar da lurralde historiko horretan 40.000 abere daudela eta, ondorioz, diru ekarpen horrek ez duela eraginik izango".

Abeltzain berak salatu du Arabako erakunde foralak ez duela Gipuzkoan zein Bizkaian egindako lana egin: "Araban ez dira PCRak egin".

Abeltzainen estresa

Horri guztiari gehitu behar zaio lehen sektoreko egoera oso latza izan dela azken urteotan. "Lehorteak eta lehengaien prezioen igoerek egoera zailean jarri gaituzte azken bi urteotan", argitu du abeltzain bizkaitarrak.

"Ez da soilik gaixotasun honi lotutako arazoa. Abeltzainok estres izugarria pairatzen dugu, gure esplotazioak behin eta berriro arriskuan sumatzen ditugulako. Negozio plan hutsaren ikuspegitik bada, gaitz honek ekarriko du hainbat azienden itxiera. Erakundeek erabaki behar dute ogibide hau irautea nahi duten edo ez", hausnartu du Aiarako abeltzain batek.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide