Okondoko Astobiza txakolindegian topa eginez eman zioten hasiera, iragan ostiralean, Txakoli Bizi egitasmoaren hirugarren edizioari. Aurkezpenean izan ziren Aiarako Kuadrillako ordezkari politikoak eta eskualdeko txakolin ekoizleak.
Encina Castresana Aiarako Kuadrillako lehendakaria "oso pozik" azaldu zen hirugarren urtez jarraian txakolinaren inguruko ekimenari bide emateagatik. "Benetako plazerra da hirugarren edizioa egitea. Ezbairik gabe, gure eskualdea eta gure hurbileko produktuak ezagutzera emateko modurik onena da, edizio berri honetarako antolatu ditugun jarduera eta esperientzia enogastronomikoen bitartez. Espero dut horiez asko gozatzea eta aurreko edizioetan izandako arrakasta izatea. Zatozte Aiaraldean kulturarekin, zaporearekin eta jatorriarekin duzuen hitzordura”, adierazi zuen aurkezpen ekitaldian.
Hamaika jarduera
Aurkezpena azaroaren 10ean egin bazuten ere, azaroaren 3an ekin zioten jardueren maratoiari. Hain zuzen ere, bermuta egiteko tailerra burutu zuten Amurrioko turismo-bulegoan.
Asteburu honetan ere hainbat ekintza egin dituzte: Bizikleta elektrikoan ibilaldia Artomaña Txakolindegiaren inguruan, Bocabeats Comedia bikotearen bakarrizketa Anuntzibai Jauregian eta haurrei zuzendutako euskal-gastronomia tailerra Artziniegako Museo Etnografikoan.
Abenduaren 1era arte luzatuko dira ekintzak, eta bisitak eta tailerrak antolatuko ditu Aiarako Kuadrillak astebururo. Gauzak horrela, Murgako dorretxea, Soloitza Gaztandegia edota Kexaako "Ametsen Harizitia" bisitatzeko aukera izango dute herritarrek, tokiko txakolina ardatz beti ere.
Ikuskizunak ere ez dira faltako datozen egunetan. Azaroaren 25ean musikaz girotutako bisita egingo dute Santxotena museoan, eta azaroaren 26an Peio Rivas magoak emanaldia eskainiko du Laudioko Kasinoan,
Hemen kontsultatu daiteke programazio guztia, baita ekintza guztietarako izen-ematea bete ere.
Argazkiak: Aiarako Kuadrilla