Mahaien inguruan istorioak elkarbanatuko dituzte hainbat jatorritako Aiaraldeko bizilagunek

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko aza. 16a, 11:59

Laudion egindako Bizilagunak ekimenaren irudi bat. / Aiaraldea.eus

Bizilagunak kulturarteko topaketen edizio berri bat antolatu dute Zehar-Errefuxiatuekin elkarteak eta zurrumurruen aurkako tokiko taldeek igande honetarako. Artziniegan, Laudion eta Amurrion mahai eta otorduen inguruan batuko dira hainbat jatorritako auzokideak.

Bizilagunak ekimenaren edizio berri bat ospatuko dute igande honetan, azaroak 19. Zehar-Errefuxiatuekin eta Aiaraldeko zurrumurruen aurkako taldeek antolatuta, hainbat jatorritako auzokideak otorduen inguruan elkartzeko xedea du ekimenak; hainbat kulturetako jakiak elkarbanatuz, auzokideak ezagutuz eta zurrumurru xenofoboen aurka borrokatuz.

Hiru hitzordu Aiaraldean

Artziniegan, Laudion eta Amurrion ospatuko dute Bizilagunak ekimena igandean. Artziniegan Toñin Luengas frontoian batuko dira 12:00etatik aurrera. Ordu horretan postreak prestatzeko tailerra eskainiko dute te beroaren konpainian. 14:00etan bazkaria eta musika elkarbanatuko dituzte. Bazkalostean, gainera, haurrentzako jarduerak ere prestatu dituzte.

Amurrion 13:00etan jarri dute elkartzeko hitzordua. Juan Urrutia plaza izango da bizilagunen topaleku, eta bazkaldu aurretik Kirikiño Atseden Taldeak haurrentzako jolasak gidatuko ditu. Artziniegan bezala, 14:00etan bazkalduko dute, musika eta kantu artean.

Azkenik, Laudion, Faktoria izango dute topaleku. 11:30etarako egin dute bertaratzeko deia. Lehenik eta behin, elkar ezagutzeko tartea hartuko dute ekimeneko parte-hartzaileek. Bazkaltzera eseri aurretik, munduko kanta, dantza eta jolasak erakutsiko dizkiote haur zein helduek elkarri.

Amurrioko zein Artziniegako ekimenean parte hartu nahi duen orok 688 800 337 telefonoan eman behar du izena. Laudioko hitzordura batzeko, aldiz, Internet bidezko inprimakia bete beharko da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide