Amurrioko ur horniketako hodiak berritzeko ia 4 milioi euroko lanak esleitu ditu Aldundiak

Aitor Aspuru Saez 2023ko aza. 21a, 17:00
Ura Altubetik Izoriara bideratzea da lanaren helburua. / Ruben Ladron de Gebara

Yárritu SA enpresari egokituko zaio 3.844.905,67 euroko obra egitea. Gorbeiatik Askarganeraino helduko dira lanak.

Arabako Foru Aldundiak gaur onartu du Yárritu SA enpresari ematea 3.844.905,67 euroko obra -BEZ barne-. 12 hilabete iraungo dute lan horiek.

Berez, 2016-2026 aldirako Arabako Hornidura eta Saneamendu Plan Zuzentzailean jasotako esku hartzearen bigarren fasea da obra. Lehenengoan Askargango gaina eta Izoriako ur horniketarako azpiegitura lotzeko hodi berriak jarri ziren.

Bigarren fasean, aldiz, Izorian jarritako hodi hori Askargango gainetik iristen den sarera konektatuko da. Horrela, bildutako urak Aiarako tratamendu estazioan prozesatu ahal izango dira, eta eskualdeko beste gune batzuk hornituko dituzte, Laudio barne.

10 kilometroko ibilbidea lotu beharko du obrak eta fibrozementuko hoditeria ordezkatuko dute horretarako. Horrez gain, beste ibilbide bat sortu beharko dute, orografia dela eta. Gauzak horrela, lanek eragina izango dute A-2522 eta A-3616 errepideetan eta Altube eta Berganza ibaietan.

Esku hartzea baliatuko dute uraren bi hodi Lezamarantz eta Bergantza-Berganzagoitiko biltegira bideratzeko. Altube ibaiko hargunea eta ponpaketa estazioa berritzeko lanak ere egingo dituzte, eta trazadura bera baliatuko dute etorkizunean Baranbio hornitzeko hoditeria berria eta Berganzako banaketa sarerako konexioa egiteko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide