CCOO, UGT, CGT, SF eta SEMAF sindikatuek bost eguneko greba deialdia zuten mahai gainean, bihar hasi eta azaroaren 30ean, abenduaren 1ean, 4an eta 5ean luzatuko zena. Dena den, gaur gauean jakinarazi dute mobilizazioa bertan behera geratu dela akordioa lortu dutelako Oscar Puente ministroarekin. Hain zuzen, Gobernuko ordezkariak ziurtatu die langileei lan baldintzak eta mugikortasuna mantenduko dutela eta eskumen aldaketa prozesuan parte hartuko dutela.
Langile erakundeek protesta egin behar zuten PSOEk eta ERCk adostu dutelako aldiriko zerbitzua -Rodalies- eta merkantziena ere Generalitateko eskumena bilakatzea. Gobernu autonomo kataluniarrak bere gain hartuko du zerbitzua, baina ez %100ean berea den enpresa baten bitartez.
Sindikatuen aburuz, horrek zalantzan jartzen ditu beharginen baldintzak eta merkantzien garraioaren pribatizazioa eragingo du, bereziki, etekingarriak diren bitartekoen eta azpiegituren kasuan.
Renfe zein ADIF enpresetako langile batzorde orokorrek deitu zituzten protestak akordioa erdietsi baino lehen eta, hedabideek jaso duten moduan, adierazi zuten euren grebak ez zuela zerikusirik VOX alderdiak sustatukoarekin (bihar ere Amnistia Legearen kontra deitutakoa).