Indarkeria matxistaren aurka eskualdeko kale eta plazak hartuko dituzte asteburu honetan. Dozenaka ekintza prestatu dituzte Mugimendu Feministak, elkarte anitzek eta udalek. Gaur arratsaldean bertan egingo dute eskualdeko lehenengo elkarretaratzea. Urduñan izango da, 19:00etan Foru Plazan.
Hitzordu gehiago daude gaurko deituak ere. Aretan haurrentzako jolasak eta biharko pankartak egiteko elkartuko dira Kultur Etxean, 16:30etatik aurrera. Laudioko kasinoan, aldiz, Beldur Barik bideo-lehiaketaren sari banaketa egingo dute 18:00etan.
Azaroaren 25ean mobilizazio nagusiak
Larunbatean egingo dituzte mobilizazio gehienak. Aiaran eta Okondon elkarretaratzeak egingo dituze, 12:00etan eta 13:00etan, hurrenez hurren. Ez dira horiek izango, ordea, eguneko jarduera bakarrak; Okondon escape-rooma prestatu dute ere 11:00etan, eta Aiaran zineforuma egingo dute Menagarain.
Amurrion egingo dute eguneko mobilizazio nagusia. Mugimendu Feministak eta Emakumeon* Sareak deituta, manifestazioa abiatuko dute 12:30ean Juan Urrutia Plazatik, "indarkeria matxistarik gabeko bizitzak" aldarrikatzeko.
Laudion 12:30ean elkarretaratzea egingo dute Etawasol eta Avillo elkarteek deituta. Mobilizazioaren ostean, Amagoia Elezkanoren lorategiari egingo diote bisita.
Igandean -azaroak 26- Arrankudiaga-Zolloko emakumeek Women In Black Action nazioarteko ekintza herrira ekarriko dute. Arrankudiagako plazan elkartuko dira 13:00etan. "Gure historia emakumeen hilotzez betea dago, bikotekide, senar, bikotekide ohi, aitek... eraildako emakumeez betea. Ez dira kasu isolatuak, jendartearen gaitza da hau. Denak gara biktima. Ekintza hau, arazoa ikusarazteko eta jendartea kontzientziatzeko beharraren ondorioz sortu da. Emakumeon erailketak gure egunerokotasuneko errutina bihurtu badira ere, oihartzun mediatiko eta politikoa hutsala da", azaldu dute ekimenaren deitzaileek.
Asteburuko ekintzak agurtzeko, Orozkon 20.000 especies de abejas filmaren proiekzioa eskainiko dute 19:00etan Donibane Aretoan. Filmaren ostean, gainera, Esti Urresola zinemagileak solasaldia eskainiko du.
Indarkeria matxistaren aurkako ekintzak asteartera arte luzatuko dira zenbait herrietan. Hemen kontsultatu daiteke eskualdeko agenda guztia.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!