Txirrindularitza arabarrak dolua adierazi du asteburu honetan eta hainbat omenaldi egin dizkiote Iñigo Diazi. Izan ere, 19 urteko gaztea ostiralean zendu zen, auto harrapaketa batek eragindako lesioen ondorioz. Aipatzekoa da kirolariak Aiaraldean senideak dituela.
Gauzak horrela, asteburuan txirrindulari arabarrek besoko beltza jantzi zuten lehiatzeko eta igandean Lezamako XIII. Zirkuituan (Bizkaian), Mirari Gotxik berak keinua izan zuen Iñigo Diaz oroitzeko.
Hain zuzen, bigarren postuan joaten ari zelarik, bere erritmoa moteldu eta Ane Zubeldia itxaron zuen. Biak elkarrekin sartu ziren helmugan eta Arabatarrak taldearen maillota erakutsi zuten. Berez, Iñigo Diaz klub horretan trebatu zen.
Aiala Txirrindulari Elkarteak, Gotxiren taldeak, azaldu du amurrioarraren asmoa zela liderraren maillotaren azpian eramatea Arabatarrak-ekoa eta helmugan ikusgai uztea. Araudiak, ordea, ez du hori ahalbidetzen. Gauzak horrela, nahiz eta metro batzuetan aurreratu Ane Zubeldia, Mirari Gotxik nahiago izan zuen lehiatzeari uko egitea Iñigo Diaz aitortzeko.
Ez da ahaztu behar Gotxi eta Zubeldia lehian ari direla txapelketako buru izateko. Une hauetan amurrioarrak dauka lidergoa, baina atzoko keinuak puntu bat kostatu zion, azkenean Zubeldia heldu baitzen bigarren. Hala ere, Aiala Txirrindulari elkarteak azpimarratu du aurkariak baino, lagunak direla bi kirolariak.
Gotxiz gain, Aiaraldeko beste kirolari batzuk ere igo ziren podiumera. Gaizka Pujana bigarrena izan zen Master40 kategorian. Master 30ko txirrindularien artean, ordea, David Hidalgok irabazi zuen eta Iñaki Carrok bigarren zeharkatu zuen helmuga.