1972ko Gabonak bereziak izan ziren Laudion, Olentzeroren jaia ospatu baitzen lehenbiziko aldiz, Laudio Ikastolak sustatuta. Hala kontatzen du hezkuntza zentro horrek bere 50. urteurrena ospatzeko aurten argitaratu duen liburuan. Bertan azaltzen denez, ospakizunak “eskualde izaera” hartu zuen, eta inguruko herrietako hau zein guraso ugari bertaratu ziren, Frankismoa oraindik indarrean zegoen arren. Hala ere, ez zen aparteko arazorik egon agintarien partetik, Pablo Gorostiagaren hitzetan.
Ikastolaren hasierako sustatzaileetako bat izan zen Gorostiaga, eta bere lekukotza jasotzen du liburuak besteak beste. Hala dio: “Olentzeroren kartelak ikastolako ama batek ekarri zituen Iruñetik. Oso kolore deigarriak zituen: gorria, berdea eta zuria. Oso gauza folklorikoa zen, eta gu ez ginen mugitzen ari ziren bakarrak. Aldarri asko azaleratzen ari ziren urte horietan, eta klima aldatzen ari zela sumatzen genuen”.
Marije Legarretaren ustez, berritzailea izan zen ospakizun hura. Hala dio Ikastolako irakasle ohiak liburuan: “Umeak Gabonetan aritzen ziren Aita Noel eta Errege Magoak gora eta behera, eta orduan sortu zen figura horren beharra”. Baina jende guztiak ez zuen begi onez ikusi, Milagros Etxezarragaren arabera: “Jendeak esaten zigun: ‘Nola egiten duzue Olentzero! Aita Noel eta Errege Magoak askoz alaiagoak dira eta!’”. Antzeko oroitzapena partekatzen du baita Txelo Urkijo Mendigurenek. Ikastolako guraso ohi horren aburuz, jende asok ez zuen begi onez ikusi euskara eta euskal kultura zabaltzea, “zeozer arrotza” zela kontsideratzen zutelako.
Dena den, hurrengo urteetan errotuz joan zen Olentzeroren ohitura. Hurrengo edizioak beste herri batzuetan egin ziren, Ugaon edota Arrigorriagan kasu, eta handik denbora batera pasa ziren gaur egungo formatura, herri guztietan egun berean ospatzera igarota. Handik urte batzuetara Mari Domingi batu zitzaion gainera, eta orduz geroztik biek hartu dute abenduan Aiaraldeko herriak alaitzeko ardura.