Ez Ohiko Batzar Nagusia egingo du Aiaraldea Kooperatiba Elkarteak larunbat honetan, abenduak 16. Kooperatibako Artezkaritza Kontseiluak 10:00etan jarri du lehenengo deialdia, Faktorian bertan.
Honako gaiak jorratuko dituzte:
- Kooperatibaren Estatutu Sozial berrien onarpena.
- Carlos Arranz Diego Artezkaritza Kontseiluko kidearen ordezkapenaren berri ematea.
- 2023ko ekitaldiari dagokion egoera ekonomikoaren berri ematea, urteko ekitaldi ekonomikoa itxi aurretiko aurreikuspenak adieraziz.
- 2023ko ekitaldiari dagokion jarduera kooperatiboaren berri ematea, urtean zehar ildoek garatutako proiektuak aditzera emanez.
- 2024 ekitaldiko plangintza osatzeko dinamika partehartzailearen garapena, non bazkideek datorren urtean garatu ahalko genituzkeen ideiak emateko tartea izango duten.
- Indarkeria matxistaren aurkako Aiaraldea Ekintzen Faktoriako protokoloaren onarpena.
- Galde-eskeak.
Ez ohiko batzarraren aurretik kooperatiba elkarteak bazkide guztien esku jarri du larunbatean landuko den dokumentazio guztia (ikusi hemen). Internet bidez ez ezik, dokumentazio hori fisikoan ere eskuratu ahalko dute bazkideek, Faktoriako bulegoetan.
Batzarra presentziala izango den arren, modu telematikoan parte hartzeko bidea ere ahalbidetu dute. Edonola ere, modu telematikoan zein presentzialean parte hartuko duten bazkideek asistentziaren berri eman beharko dute honako esteka honetan.