Aiara´s Fighters Generation borrokaldiaren edizio berria, laugarrena jadanik, egongo da abenduaren 23an, Chock Dee taldearen eskutik. Eskualdeko zazpi gazte igoko dira ringera: Idoia Arzuaga, John Garcia, Aitor Ibarluzea, Bilal Ben Yechou, Alain Vicario, Ruben Dominguez eta Eneko Rodriguez.
Tokiko kirolariak Chock Dee klub amurrioarrekoak eta Hajime laudioarrekoak dira eta, zehazki, derbia egongo da Alain Vicario laudioarraren eta Eneko Rodriguez amurrioarraren artean.
Aiaraldear batzuentzat debuta ekarriko du hitzorduak. Beste batzuek (Bilal Ben Yechouk, Ruben Domiguezek eta Idoia Arzuagak, adibidez), aldiz, badute eskarmentua.
Sarrerak Chock Dee gimnasioan eros daitezke aurretik 16 euroren truke eta egunean bertan 18 euro ordainduta. K-1 eta Muay Thai diziplinetako borrokak egongo dira eta horietako bi profesionalak izango dira.
Horrez gain, antolatzaileek autodefentsa ikastaroa eskainiko dute egunean bertan Chock Dee gimnasioan 10:00etan eta sarrera duenak doan parte hartu ahalko du.