Kalean dago Aiaraldea Hemen hamabostekariaren 191. zenbakia. Urteko azken alea da honakoa, eta ohiko hogeita hamabi orriei zortzi gehiago gehitu dizkiogu. Orotara, 40 orriko argitalpena jasoko du irakurleak esku artean.
Besaide Astobiza sexologia ikasleari egindako elkarrizketa ekarri dugu azalera. Astobizak emakumeen plazera aztertu du psikologia ikasketetako gradu amaierako lanean. Bere ikerketa lanean bildutako hainbat ondorio plazaratu ditu Aiaraldea Komunikabidean.
Raisa Alava ilustratzaile aiararra ere elkarrizketatu dugu. Izan ere, bere lehenengo komikia argitaratu berri du: Sumidero. Idazle gazte gehiago ere ekarri ditugu urteko azken alera, Los Herederos del Caos liburua argitaratu berri duen Lander Sainz okondoarra tartean.
Gabonetako gehigarria
Ate joka daude Gabonak. Hori dela eta, 16 orriko gehigarri berezia osatu dugu Aiaraldea Hemen hamabostekariarekin batera banatzeko. Gabonetako ospakizunen inguruko informazio zabala aurkituko du irakurleak bertan, bai eta eskualdeko ekoizle eta merkatarien produktuak kontsumitzeko gida ere.
Hauek eta beste hainbeste gai interesgarri aurkituko ditu irakurleak Aiaraldea Hemen hamabostekariko orrietan. Datozen egunetan banatuko da hamabostekaria eskualdeko saltoki, taberna, ikastetxe, kulturgune, liburutegi eta kaleetan, doan.