Irakurri soilik ez, hemendik aurrera entzun ere egin daitezke Aiaraldea.eus atarian argitaratzen diren eduki guztiak. Tokikomek eta Elhuyarrek elkarlanean garatu dute hori ahalbidetzen duen aplikazioa, adimen artifiziala baliatuta, eta tokiko hainbat komunikabidek ekin diote orain erabiltzeari, Aiaraldea Komunikabidea barne.
Tresna erabiltzeko, nahikoa izango da eduki guztien gainean dagoen erreprodukzio kutxa aktibatzearekin. Bi ahotsen artean hautatu dezake erabiltzaileak, eta erritmo azkarrago edo geldoagoa eman ahal dio gainera.
Tresna berri hau oso aproposa izan daiteke irakurtzeko zailtasunak dituztenentzat, entzumena landu nahi dutenentzat edo, besterik gabe, eguneko albiste, elkarrizketa eta erreportajeak podcast formatuan entzun nahi dituztenentzat.