Aiaraldeko udalek 3,5 milioi euroko dirulaguntzak ez galtzeko, mozioa aurkeztuko du EH Bilduk

Aitor Aspuru Saez 2023ko abe. 27a, 14:15

Gaurko agerraldiaren irudia./ Aiaraldea

Koalizioko hainbat ordezkarik azaldu dute Eusko Jaurlaritzak eskualdeko udalei Berriztu planeko laguntzak bertan behera uzteko mehatxua egin diela, 2023ko abenduaren 31 baino lehen lan guztiak ez justifikatzeagatik.

EH Bilduko eskualdeko hiru alkatek (Ainize Gastakak, Pruden Otegik eta Joseba Vivancok) eta zinegotzi batek (Karmele Poblacionek) agerraldia egin dute gaur Artziniegan jakinarazteko egitasmo bateratua prestatu dutela Eusko Jaurlaritzari exijitzeko Aiaraldeko Berehalako Ekintza Planari lotutako dirulaguntzak mantentzea. Zehazki, mozioa landuko dute udalez udal eta espero dute alderdi guztiek (EAJ barne), bat egitea egitasmoarekin.

Izan ere, koalizioko bozeramaileek salatu dute Jaurlaritzak adierazi diela 3,5 milioi euroko dirulaguntzak arriskuan daudela ez dituztelako abenduaren 31rako Aiaraldeko Berehalako Ekintza Planeko egitasmoak eta obrak bukatuko. Horren aurrean, Udalek luzapena eskatu dute, baina ezezkoa jaso dute.

Amaitu behar diren lanak ez daude soilik EH Bilduko alkatetzak dituzten udalerrietan, eurek azaldu dutenez: "Proiektuak honako hauek dira: Arespalditza eta Luiaondo arteko bide bat egokitzea, Amurrioko epaitegiko aparkalekua eta elektrolindegia, Amurrioko Armuru errekaren inguruan lehengoratze ekologikoa eta mugikortasun jasangarria, Artziniegako monumentu-multzoa hobetzeko esku-hartzeak, Laudioko LEKU antzoki berria eta Urduñako kultura-ondare berezia zaharberritzea eta balioztatzea".

Erakude guztientzat tratu bera

Koalizioko kideek aldarrikatu dute erakunde publiko guztiek tratu bera jaso behar dutela eta nabarmendu dute Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak berak ez dituztela aurreikusitako epeak bete eta ez dela inolako arazorik egon: "Aiara Industrial LABen kasuan, start-up-ak sortzeko zentro batek ere ez du oraindik enpresa bakar bat sortu, eta ekimena osatzeko muga 2026ko ekainaren 30a da. Bestalde, Laudio Glass Hubek hiru proiektu jarri ditu martxan eta 2024ko denbora-muga du. Desgaitasun intelektualerako baliabide bat sortzeak hainbat gorabehera izan ditu, eta joan den azaroan beste lizitazio bat deitu zen. Eta Arabako Foru Aldundiak luzatu egin du Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailarekin egindako finantzaketa-hitzarmena, turismoaren arloko ekintzak garatzeko, eta agerian utzi du ez direla garatu lotutako ekintzak".

Horri gehitu diote proiektu gehienak hilabete gutxiren buruan amaituko dituztela, hortaz, "nekez lagunduko diogu eskualdeari, hurbilen dituen erakundeak proiektu horiei aurre egiteko finantzaketarik gabe uzten baditugu. Erakunde guztientzat tratu bera eskatzen dugu, eta uste dugu ez dela onargarria eskualdeko udalak gai honekin mehatxatzea".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide