Eskualdeko kirolariek modu berezian dute markatuta abenduaren 31a euren egutegietan. Proba hauen ezaugarri nagusia da oso herrikoiak direla eta jende askok ez duela hartzen modu lehiakorrean. Horregatik, hain zuzen, parte-hartzaile ugari mozorrotzen dira.
Izaera horren ondorioz, urteen poderioz gero eta San Silbestre lasterketa gehiago antolatzen hasi dira Aiaraldean eta aurten lau egingo dituzte guztira.
Lehenengoa Arespalditzako kirol pistako II. San Silbestre Txiki izango da. 11:00etan abiatuko dute eta adin oroko umeek parte hartuko dute. Batzuek itzuli bakarra egingo dute eta hamar urtetik gorakoek bost bete beharko dituzte.
Hurrengo hitzordua Orozkon izango da. Zehazki, 16:00etan Zubiaur plazatik aterako dira lasterkariak. Gogoratu beharra dago Orozkokoa eskualdeko beteranoena dela, XXXI. edizioa izango baita. Halaber, aipatzekoa da besteak atletismora mugatzen diren bitartean, hau duatloia dela eta zati bat txirrindulaz egin behar dela.
Korrika egiteko hirugarren aukera Laudioko Ugarte auzunean emango dute. 17:30ean hasiko da proba honen bigarren edizioa.
Azkenik, Urduñako San Silbestrea bere XV. ediziora helduko da. Eskarmentu handiko lasterketa honek 18:00etan izango du hasiera eta antolatzaileek mozorro onenaren saria banatuko dute.