Azken urtean kirol batek sortu badu interesa, hori padela izan da. Bogan dago kirola eskualdeko herritarren artean. Horren erakusle da han-hemenka gero eta ugariagoak diren padela praktikatzeko azpiegiturak.
Azkena Amurriok inauguratu du. Matiaseko frontoia zegoen tokian, Etxegoien kalean, Udalak hiru padel-pistaz osaturiko kirol-konplexu berria atondu du. Abenduaren 11n jarri zituzten martxan ofizialki, baina aurretik ate irekien jardunaldia egin zuten, kuriosoenak animatzeko asmoarekin. Egunero 9:00etatik 22:00etara egongo dira erabilgarri. Bazkideek hogei euro ordaindu beharko dute jokatutako laurogeita hamar minutuko; bazkideak ez diren pertsonak, aldiz, hogeita bost.
Txarlazo Eskalda Taldeko kideek “Urduñako eskalatzaileen beharrei erantzuteko” helburuarekin sortu dute boulderra hirian.
Amurriokoak ez dira aurten inauguratu diren padel pista bakarrak. Laudion, honezkero arrakasta handiarekin martxan zeuden udal azpiegiturari, ekimen pribatuko bi padel-pista berri gehitu zaizkio azken hilabetean: Set Padel Laudio. Guztiz automatizatutako azpiegitura da padela praktikatzeko kantxa berria, eta padel ikastaroak eskaintzeari ere ekin diote. Laudioko udal azpiegiturek ere berrikuntzak izan dituzte 2023an. Urte hasierarekin batera kantxak erreserbatzeko sistema gotik behera aldatu zuten, kirolarien afluentziari hobeto erantzuteko. Otsailera arte modu presentzialean edo telefonoz deituta erreserbatu behar ziren pistak. Laudioko Udalaren hitzetan, astelehenero, Gardeako kirolgunearen irekiera orduan, pilatzen ziren eskaera eta jendetzari irteera ematea izan da ekimenaren xedea. Geroztik Udalaren webgunetik egin behar da eskaera.
2024an ere padel gehiago
Padelaren loraldiak aurrera jarraituko du datorren urtean ere. Aiaraldeko zenbait Udalek aurreikusia dute padel kantxak eraikitzea, etenik gabe haziz doan zaletasunari bide emateko. Aiaran, esaterako, 900 metro karratuko lursaila lagatu dio Udalak Luiaondoko Administrazio Batzarrari padel pista eraikitzeko. Patxika Etxearen eta anbulatorioaren artean egongo da kokatuta azpiegitura berria eta Administrazio Batzarrak berak garatu eta ezaugarrituta.
Urtebete baino gutxiagoan Laudioko eta eskualdeko eskalatzaileen erreferente bilakatu da Hitzetan Gora Mendi Taldeak kudeatutako rokodromoa.
Skate pistak
Padelak protagonismoa kendu dio duela urtebete arreta guztia erakartzen zuten skate pistei. Hauekiko zaletasunak, ordea, boladan jarraitzen du, eta badira inauguratuz edota hobetuz doazen azpiegiturak. Artziniega da horren adibide. Denbora luzearen ostean, irailean estreinatu zuten skate pista berria. Azpiegituraren arrakasta erabatekoa izan da, horrela aitortu dio joseba Vivanco alkateak Aiaraldea Komunikabideari: “Herriko haur guztiak elkartzen dira bertan, jendetza ibiltzen da beti”.
Skate parkeen alorrean Amurrio izan da azken urtean erreferente. Iaz inauguratutako bowl berriak patinatzaileak erakartzen jarraitzen du, eta honezkero mahaigainean dago azpiegitura handitzeko proiektua.
Hori gutxi balitz bowla erreferente bilakatu da Bañueta inguruan, eta auzoko jaietako programazioaren barruan ere lekutxoa egitea lortu zuen.
Haitzetan Gora
Bogan dagoen beste kirol bat eskalada da, eta hor termometroa Laudioko rokodromoak jartzen du. Zailtasun ugariren ostean martxoan zabaldu zituen ateak rokodromoak, Haitzetan Gora Mendi Talde sortu berriaren lanari esker. Urtebete baino gutxiagoan Laudioko eta eskualdeko eskalatzaileen erreferente bilakatu da espazioa.
Bi hormek osatzen dute azpiegitura: 11 metro luze eta 4,20 metroko altuera duen horma bat eta 16 metro luze eta ia 9 metroko altuera duen beste bat. Hilabete gutxitan, ordea, txiki geratu zaie espazioa, eta horma eta bide berriak instalatzea aurreikusten dute datorren urterako.
Azaroaren 4an, arrakasta eta lan guzti horren erakusgarri Laudioko I. eskalada txapelketa antolatu zuen Haitzetan Gora taldeak. Goizetik arratsaldera jendez lepo egon zen kirol instalazioa. Goizean haurren txapelketa antolatu zuten, sortzen ari diren eta 2024an egonkortuko duten eskalada eskolaren erakusgarri.
Azkenean padel azpiegitura Amurrion inauguratu dute. Matiaseko frontoia zegoen tokian hiru padel-pistaz osaturiko kirol-konplexu berria atondu du Udalak.
Baina Laudiokoa ez da aurten zabaldu den eskalada azpiegitura bakarra. Txarlazo Mendi Taldeak eskalada atala sortu du eta boulder berria eraiki dute Urduñako Lanbide Heziketako eraikinean. Ibai Aspizua da proiektuaren bultzatzaileetako bat, boulderra “Urduñako eskalatzaileen beharrei erantzuteko” helburuarekin sortu dutela azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari.
Irailaren 23an egin zuten ate irekiera jardunaldia, hilabete luzez auzolanean espazioa atondu ostean. Besteak beste Zaraobe Institutuko ikasleak ere batu dituzte proiektura; izan ere, ikastetxean ekoiztu dituzte boulderraren hainbat panel eta pieza.
Behin proiektua martxan jarrita, ekintza desberdinak antolatzeari ekin diote: “Herriko eskalatzaileen elkargunea izatea nahiko genuke, baita Aiaraldeko gainerako proiektuekin harremanetan jartzea ere. Eskalada ikastaroak antolatzea ere aurreikusi dugu, herriko haurrentzako”.