Aiaraldekoa ez den arren, Maria Riverok harreman estua du eskualdearekin, eta horren seinale da plazaratu duen bideoklip berria. Luis Vil zinemagile amurrioarrak zuzendu du ikus-entzunezkoa, Andere Morillo dantzaria agertzen da kamararen aurrean eta Ruben Ladron de Gebarak atera ditu drone bidezko irudiak.
Esaldien diktadura da kantaren izena, eta Riverok azaroan aurkeztutako Lerro paraleloak diskoan sartuta dago. Bere bakarkako bigarren albuma da, eta hamabigarrena bere musika ibilbide osoan.
Mikel Etxaburu idazle ondarrutarraren Ahaztu baino lehen, ama poema-liburuan jasotzen den olerki zehatz batetatik sortu du Riverok abestia. Hala azaldu du musikariak: “Hilabete asko konposatu ezinik eman ondoren, hutsik eta eskaintzeko doinu gehiago ez izatearen sentsazioarekin, Esaldien diktadura agertu zen. Egun baten pianoan eseri nintzen eta gogoratu nuen Mikel Etxabururen Ahaztu baino lehen, ama poema liburua irakurtzen aritu nintzela egun batzuk lehenago. Ireki nuen eta gogoratu nintzen poema berezi bat zegoela, bilatu nuen... 71. orrialdea, hor zegoen. Melodia aspaldi ateratzen ez zen moduan jariatu zen, eta ia pentsatu gabe, diskoari bidea emango zion kantua konposatuta neukan”.
Sortzailearen esanetan, oso berezia da kanta berarentzat. “Negar egin nuen hura konposatzen eta Jagoba Ormaetxearekin estudioan grabatzen, ez dakit zergatik, ez dago azalpen arrazional bat, baina abesti honek oso gutxitan gertatu zaidan bezala zeharkatzen nau”.