Itzi, zure laguntza behar dugu... Hilabete eskasa generaman Tubacexen greban Itziar Ituñori elkartasun bideo bat bidaltzea eskatu genionean. Jarraian jaso genuen. Momentuko hain aktore famatu baten mezua gure grebaren alde, ezin genuen sinistu. 3 hilabete geroago Laudioko piketean bere bisita izan genuen baina ez zen agertu La casa de papeleko aktorea baizik eta Itziar, Basauriko emakume indartsu, alaia eta solidarioa, benetazko Itziar.
Basaurikoak garenok Itziar Ituño hurbiletik ezagutzen dugu baina ez duzu Basaurikoa izan behar bere konpromisoa ezagutzeko. Kalero auzoan bizi da betidanik, emakume herrikoia da eta erraza da kaletik topatzea. Berak esaten duen moduan, auzo langile batean jaioa, feminista, euskalzale amorratua eta klase kontzientziduna da. Hainbat kontutan ibili da betidanik; Korrikaren alde, migratzaileen alde, presoen eskubideak defendatzen, grebak bultzatzen... Itziarrek nor den eta non dagoen ondo daki, inoiz ez da ezkutatu. Gainera, bere ospeari esker bozgorailua duela jakitun da eta nahi izan duenean erabili egin du.
Pasa den 13an Sarek antolatutako manifestazioan pankarta eskuen artean zeramala agertu zen Itziar. Ekitaldiaren ostean sare sozialetan bere kontrako kanpaina piztu zen ultraeskuinaren eskutik. Ordu batzuen ostean, BMW Lorautok eta Iberiak Itziar Ituñorekin zuten kontratua bertan behera utzi zuten. BMW-k argudiatu du ez dela inolako ideologia politikoarekin lotzen (nork eta BMW-k) baita aniztasunaren alde dagoela ere, baina manifestazio legal batera joateagatik zigortu egiten du Itziar. Hori ez al da ideologia politikoa adieraztea? Denok dakigu ez zarela pertsona ezaguna izan behar lanean ideologia politiko edota konpromiso sozialagatik diskriminatua izateko. Zilegi al da pertsona batek bere adierazpen-askatasuna erabiltzegatik lanak galtzea? Pertsona publiko batek ez al du adierazpen-askatasunik? Gizarteak onartzen du?
Hau ez da Itziarrek mota honetako erasoak jasotzen dituen lehen aldia. 2017an ultraeskuinak ere bere kontra jo zuen eta lanak galtzea eragin zuen ere bai. Garai ilunak izan ziren berarentzat, hala ere, profesionaltasun handiz aurrera jarraitu zuen. Batzuek Sare zer den ez dakite edo ez dute jakin nahi, ezta zenbat jende egon zen manifestazio horren atzean ere: EH-ko gehiengo sindikala, EH, Catalunya, Galiza eta Estatuko partidu politikoak, kultura eta kirol arloko jendea... dozenaka mila pertsona. Noiz arte jarraituko dute jende hau guztia kriminalizatzen?
Sare mugimendu anitza da, preso, iheslari eta deportatuen eskubideak defendatzen duena, beraien giza eskubideen jabe izan daitezen, besterik ez. Bake prozesua demokratikoki landu egin behar da eta aurrera eramateko presoen kontua mahai gainean egon behar da. Hori argi dago.
Azken egunotan Itziar Ituño, Basauriko Itzi, jende askok maite duela agerian geratzen ari da. Itziarri, hain ausarta eta konprometitua izan eta beti aurpegia eta gorputza jartzeagatik, eskerrak eman behar dizkiogu. Artista da baina pertsona ere bai eta berak emandakoa itzuli behar diogu. Asko eta asko gara bere alde gaudenok. Aurrera Itzi, zutaz harro!