2023KO MUGARRIAK

Publikoa borrokan murrizketa eta lege berrien aurka

Aitor Aspuru Saez 2024ko urt. 23a, 06:31

Hezkuntza komunitatearen babes zabala jaso zuten Aretako bi urteko gelako familiek. / Aiaraldea.eus

Mobilizazioz beteriko urtea izan da honakoa Aiaraldeko hezkuntza komunitatearentzat, baina ikastetxe batek bereziki okupatu ditu lerroburu gehienak: Aretako Eskolak. Izan ere, ikastetxeko guraso, irakasle zein ikasleek mobilizazio ziklo bizia jarri zuten abian urteko lehen hiruhilekoan, bi urteko gelaren itxieraren aurka.

Alarma guztiak martxo erdialdean piztu ziren. Aretako Eskolako zuzendaritzak Hezkuntza Sailaren deia jaso zuen, jakinarazteko bigarren honek zentroko bi urteko gela ixteko asmoa zuela zetorren ikasturtean. Aretan jaiotako adin horretako bost haurretatik ikastetxean bi bakarrik matrikulatu zirela argudiatu zuen Eusko Jaurlaritzako sailak erabakia defendatzeko.

Zerbitzu publikorik gabe geratzeko arriskuaren aurrean, mobilizatzeari ekin zioten Aretako familiek eta eskolako komunitateak. Bi urteko gela ixteko mehatxuaren atzean Aretako Fabian Legorburu ikastetxea ixteko asmoa igartzen zuten: "Fabian Legorburu baita Aretako harremanen, izaeraren eta eragile sozialen sorburuetako bat. Aretak duen izaera propio hori desagertzeko lehenengo pausua litzateke Aretako Eskola desagertzea”.

Gelaren itxieraren kontrako ekimenak berehalakoak izan ziren. Zentroko zuzendaritzak erabakiaren kontrako idazkia igorri zion Jokin Bildarratz sailburuari. Eskolaren aldeko elkartasun keinuak ere erreskadan etorri ziren albistea publiko egin bezain laster.

Mobilizazioekin ere berehala hasi ziren. Albistea publiko egin eta egun gutxira marea gorri batek manifestazio jendetsua egin zuen Aretatik Laudioko Herriko Plazara. Protestek ez zuten etenik izan: elkarretaratzeak, sinadura bilketak… Udal Osoko Bilkurara ere eraman zuten bi urteko gela zabalik mantentzeko aldarria, non alderdi politiko guztiek aho batez babestu zuten Aretako gurasoek aurkeztutako mozioa.

Alarma guztiak martxo erdialdean piztu ziren, Aretako Eskolako zuzendaritzak Hezkuntza Sailaren deia jaso zuenean, jakinarazteko bigarren honek zentroko bi urteko gela ixteko asmoa zuela zetorren ikasturtean.

Martxoaren 28an jaso zuten Hezkuntza Sailaren erantzuna: Aretako Eskolako bi urteko gela zabalik mantenduko zen hurrengo ikasturtean. Erabakia jasotzeko modua, ordea, bitxia izan zen. Ander Añibarro alkateak sare sozialetan publikatutako bideo batean egin zuen publiko erabakia.

Aretako Eskolako gurasoek albiste “gazi-gozo” bezala jaso zuten berria. “Gure, matrikulak onartzetik harago, ez genuen inolako bermerik jaso bi urteko gelaren eta Aretako Eskolaren inguruan. Ez dakigu zer gertatuko den datozen urteetan. Gainera, honezkero ez dago hauteskunderik tartean. Ez dakigu urtero izan beharko dugun borroka hau, nahi eta nahi ez”, azaldu zioten gurasoek Aiaraldea Komunikabideari, ikastetxea etorkizunean mantentzeko bermeen faltaz kezkaturik.

Etorkizunerako berme falta

Irailean hasi zuten ikasturte berria Aretako Eskolan. Bi urteko gelan, hasierako bi matrikulez gain beste bi batu ziren, lau ikasle orotara. Bi urteko eta hiru urteko gelak elkartu dituzte aurten Aretan. Eskolan mantenztea lortu duten arren, etorkizun hurbilean gertatu daitekeenak kezkatuta ditu oraindik ere gurasoak: “Hezkunzta Sailetik ezartzen den minimoa irakasle bat jartzeko sei ikasle dira. Datorren urtean aurreikusten dugu ere egoera antzekoa izango dela, hiruzpalau haur daude Aretan bi urteko gelan matrikulatzeko. Hurrengo belaunaldian, aldiz, badaude sei-zazpi haur”,  azaldu dio Naroa Ugartek Aiaraldea Komunikabideari.

Aretako Eskolako gurasoek albiste “gazi-gozo” bezala jaso zuten berria, ikastetxearen etorkizunerako bermeen falta zela eta.

Autobus zerbitzua

Ikasturte hasierak, ordea, eskualdeko gainerako ikastetxeetara ere eraman zuen kezka. Arrazoia: eskola-garraio falta. Iaz gertatu bezala enpresa garraioen eta Eusko Jaurlaritzaren arteko desadostasunek zerbitzu gabe utzi zituen Hego Euskal Herriko milaka ikasle. Aiaraldean ere eragina izan zuen garrio enpresen plantoak, modu desorekatuan, ordea, enpresaz enpresa hartutako erabakia desberdina izan baitzen.

Etxaurren Ikastolako familiak izan ziren egoera gehien nozitu zutenak. Garraio zerbitzuaren faltak ikasturteko lehenengo egunak “jasanezin” egin zituela salatu zuten bertako guraso elkarteko kideek. Mobilizazio ugari egin zituzten bi aldeei konponbidea exigitzeko, “enpresen kudeaketa txarraren ondorioak eta Jaurlaritzaren kontrol eza" ikasle eta familiek ordaintzen zutela nabarmenduz. Bide horretan kotxe karabanak, elkarretaratzeak eta manifestazioak egin zituzten, baita ikastolako ikasleen %90ak babestu zuen greba egun bat ere.

Mobilizazioz beteriko egunen ondoren, martxoaren 28an jaso zuten Hezkuntza Sailaren erantzuna: Aretako Eskolako bi urteko gela zabalik mantenduko zen hurrengo ikasturtean.

Orozkok ere pairatu zuen garraio falta hori. Orozkoko eskolako berrogei haur egon ziren klasera joateko autobusik gabe, baita Laudio Institutuko dozena bat ikasle baino gehiago ere. Egoera bideratutakoan, hamaikagarren buruhaustea sortu zitzaien landa eremuko familiei: Arabako Foru Aldundiak adierazi baitzuen ez zuela igeriketa eskoletara jaoteko garraio zerbitzua bere gain hartuko.

Gauzak horrela, Arteko Gure Ama Ikastetxeko eta Etxaurren Ikastolako gazteek eskola ordutegitik kanpo jo behar zuten klase horiek hartzera, Aldundiak azaldu baitzuen eskola ordutegi barruko jarduera guztiak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren eskumenak zirela. Hainbat protesten ostean familiei dirulaguntza esakintzea onartu zuen Foru Aldundiak.

Jantoki zerbitzua ere ezbaian

Jantokietako zerbitzuaren kalitateak ere zeresan handia sortu du aurten. Lamuza eskolako jantokia egon da polemikaren erdigunean. Guraso Elkarteak eskutitza igorri zion Hezkuntza Sailburuari eskolako catering zerbitzuaren kalitate eskasa salatzeko.

Familien ustez Eusko Jaurlaritzak irizpide ekonomikoak lehenetsi zituen zerbitzua esleitzerakoan. Hain zuzen ere, catering enpresak Logroñon prestatzen zuen Lamuzako ikasleen bazkaria, eskolatik 120 kilometrotara. “Enpresaren izena Interneten idaztea nahikoa da beste Autonomia Erkidegoetan eskaintzen duen zerbitzu txarraz ohartzeko”, kexu ziren familiak.

Indarrak baturik

Gatazkaz beteriko urtea izan da honakoa Aiaraldeko hezkuntza publikoko komunitatearentzat. Itxiera mehatxu edota kalitatezko garraio zerbitzu baten aldeko borrokei Eusko Legebiltzarrak osaturiko hezkunzta lege berriaren aurka ere mobilizazio eta ekimen ugari gauzatu dituzte. “Erasotzat” jo dituzten egoera guzti horien aurka borrokatzeko indarrak bildu zituen hezkuntza publikoko komunitateak, eta Aiaraldeko Hezkuntza Publikoa Bizirik plataforma sortu zuten, murrizketen eta hezkuntza lege berriaren aurka batasunez erantzuteko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide