“ALDEA ekimenaren bidez ez dugu eliteentzat ekoiztu nahi”

Aitor Aspuru Saez 2023ko mar. 2a, 10:00

Iñaki Urkixo eta Gartzen Garaio egitasmoaren sustatzaileak dira./ Aiaraldea

IÑAKI URKIXO eta GARTZEN GARAIO Aldea proiektuaren sustatzaileak dira eta elikadura burujabetza eta justizia soziala uztartzeko egitasmoa nolakoa den azaldu dute.

Lehenik eta behin, nola bururatu zitzaizuen proiektu hau?

Oro har, gure aldarrikapenetako bat izan da elikadura ez dela negozioa, baizik eta eskubidea. Gure kasuan, EHNE sindikatuan aldarrikapen indartsua izan zen, baina, hala ere, ez ginen gai izan Administrazioa inplikatzeko zentzu horretan. 

Gauzak horrela, duela gutxi pentsatu genuen eredu autokudeatu baten bidez hori egia bilakatu behar genuela. Horrela garatu genuen sistema hau. Elikagaiak puntuen bidez ordaintzen dira, baina puntu horiek jende orok ez ditu berdin ordaintzen; ahal duenak apur bat gehiago eta ezin duenak, apur bat gutxiago. 

Zein da zuen sistemaren funtzionamendua?

Funtzionamendua oso erraza da. Pertsona batek interesa duenean, erosten du 100 puntuko txartel bat.  Unean bertan lagun horrek erabakitzen du zehaztutako hiru tarte sozioekonomikoen artean zein egoeran dagoen. Horren arabera ordaintzen ditu puntuak. Tarte apalenean 50 euroko balioa daukate, ertainean prezioa 80 eurokoa da eta tarte gorenean 100 eurokoa. 

Gero gehitzen dugu kontsumitzaile hori banaketa zerrendara eta hasteko eskaria jasotzen hasten da. Eskari horiek zuzenean puntutan baloratuta daude. Horren arabera egiten du eskaera eta eguenetan Laudioko azokan eta barikutan Amurrioko azokan jasotzeko aukera dauka. Puntuak deskontatzen ditugu txarteletik. Puntuak agortu arte egiten dugu horrela eta amaitzen direnean, erosleak badauka aukera beste bat eskuratzeko. Bere tarte sozioekonomikoa aldatzeko parada ere badauka.

Gure ustez, garrantzitsua da inork ez jakitea bestearen txartelak zenbat balio izan duen. 

Egitasmo honekin diru sarrera ezberdinetako herritarrei tokiko produktu ekologikoak eskaini ez ezik, ekoizleentzako baldintza duinagoak ere bilatzen dituzue.

Hala da. Proiektu honetarako informazio bila aritu gara eta topatu ditugu proiektu eredugarriak izan zitekezkeenak, oinarri gisa baliatzeko, baina berehala konturatu ginen horietan, salbuespenak salbuespen, kaleko ikuspuntua zutela. Hor baserritarrak ekuaziotik kanpo geratzen gara.

Proiektu batzuetan lantzen zuten jende orok elikadura irisgarritasuna bermatzea, baina horrek ez zuen islarik ekoizleen kasuan. Jarraitzen zuten merkatuaren irizpideen mende.

Gure irizpideetako bat, aldiz, izan da ekoizleak proiektuaren erdigunean jartzea. 

Zein da gaur egungo baserritarren egoera? Soldata duina lortzeko prezioak igo behar zenituzkete, ezta?

Bai, baina ezin dugu modu linealean egin. Bestela kanpoan utziko genituzke gure inguruan dauden lagun ugari. Finean, bilatu beharko genituzke bestelako merkatuak, urrunago. Azken emaitza izango litzateke elikagaiak ekoiztea elite batentzat, eta ez da hori, inondik inora, guk nahi duguna.

Errealitatea da Europan bi minuturo gure tankerako baserri bat desagertzen dela, baina, aldi berean, lurraldearen ekoizpen maila bere horretan mantentzen da. Are gehiago, hainbat produktutan ekoizpenak ez dio soilik eusten, gora ere egiten du. 

Baserri txikiak desgertzen diren neurrian, enpresa handiek hartzen dutela euren tokia eta euren ekoizpenaren zatia.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide