Burbuilak taldeak dozena bat abesti argitaratu ditu gaur bertan Youtube plataforman. Diskoa hemen entzun daiteke eta bederatzi kanta propio eta hiru bertsiorekin osatu dute. Taldeko kideek ez dute baztertu plataforma gehiagotan partekatzea, baina ez dute euskarri fisikorik (CD edo biniloa) erabiliko.
Zuzeneko emanaldiei dagokienez, musikarien asmoa da otsailaren 23an entsegu irekia egitea Faktorian, eta martxoaren 1ean aurkezpen ofiziala burutzea Amurrio Antzokian. Azken emanaldi horretarako hainbat musikari eta dantzari batuko zaizkie, giro berezia sortu nahi dutelako.
Gonbidatu dituzten sortzaileen artean egongo dira Patas de Gansa dantza garaikide taldea, Iratxe Gorostizaga eta Garazi Abrisketa Uluka taldeko kide ohiak, Txema Isasi perkusionista, Izaro Otaegi dantzaria eta Jone Urruela bibolinjolea.
Taldeak uste du hitzordu egokiena izango dela euren musika zuzenean gozatzeko. Gainera, aurreratu dute kanta berriak ere joko dituztela, diskoa urrian ekin baitzioten grabatzeari Ander Tejerina ekoizlearekin, eta ordutik hona ez dute etenik izan.
2022tik abian
Burbuilak 2022ko urtarrilean sortu zen, nolabait, Irati Mendiguren Cosgaya eta Izaskun del Cerro elkartzen hasi zirenean. "Sortzeko premia genuen biok. Hasieran bertsioak jotzen genituen eta gero ekin genion gure ideiak lantzeari. Orduan elkartu zen Izar", argitu du Irati Mendigurenek.
Bertsioak
Arestian aipatu bezala, taldeak hiru bertsio propio plazaratu ditu: Morez, Zein polita eta Ate bioleta.
Morez kanta Uluka taldearena da eta Izar eta Irati Mendiguren Cosgayak parte hartu zuten proiektu horretan. Burbuilaken grabaketan beste bi taldekideak -Garazi Abrisketa eta Iratxe Gorostizaga- ere aritu ziren.
Zein Polita eta Ate bioleta kanten kasuak, ordea, bestelakoak izan dira. Rosario Flores eta Rozalen abeslarien lanak dira eta Burbuilakeko kideentzat erronka izan zen euskaratzea. "Rosario Floresen abestia beste testuinguru sozial batean entzun genuen eta asko gustatu zitzaigun. Bai hori zein Ate bioleta gai dira gu barrutik mugitzeko. Horregatik erabaki genuen euskarara ekartzea eta oso pozik gaude emaitzarekin".