Gaur bertan ekingo diote Aiaraldeko bizilagunek inauteriak ospatzeari. Amurrioko Antzokian jarri dute lehenengo hitzordua. Izan ere, Amurrioko Musika Eskolako ikasleek ospakizun horri lotutako kontzertua eskainiko dute 19:00etan.
Ostiralean ikasleek hartuko dute festaren protagonismoa, Amurrio, Okondo eta Laudioko zenbait ikastetxeetako haurrek herrira aterako baitituzte mozorroak. Orozkon ere ostiralean ospatuko dute egun handia, urtez urte arrakasta gehiago duen Orozko Talent playback lehiaketarekin.
Nolanahi ere, egun handiak larunbata eta asteartea izango dira eskualde osoan. Otsailaren 10ean Artziniegan, Amurrion, Laudion eta Urduñan egingo dituzte ohiko mozorro desfile eta kalejirak, askotariko programazioak lagunduta. Aiarako Gaztelekuan inauteri jaia ospatuko dute arratsaldean. Laudion, gainera, Suziri Jai Batzordeak egitarau oparoa prestatu du. Herriko gazteei "historia" proposatu die mozorrotzeko gai moduan, eta gauean kontzertuak egongo dira Aldai Plazan: Kaotiko, Jotake erromeria eta DJ Reimy.
Arrankudiaga-Zollon ere larunbat arratsaldean ospatuko dituzte inauteriak, poteoarekin, afariarekin eta Atrikipunk taldearen kontzertuarekin.
Inauterietako asteartea izango da ospakizun bereziari amaiera emateko eguna. Amurrion Kakarro Birigarro erreko dute eta Laudion Leziagako Sorginak gaiztakeria erreko du. Urduñan ere haurrentzako egitaraua prestatu dute otsailaren 13rako.
Aiaraldea Komunikabidearen agenda atalean kontsultatu daitezke deialdi guztiak.