ERREPORTAJEA

Ortzimuga berria Gorobeleko barrunbeetan

Aimar Gutierrez Bidarte 2024ko ots. 20a, 07:30

Rebollar II kobazuloko sarrera, Takomanok aurkitutako Ponatako Pagadiko Sistemako sarrera berria. / S. Laburu (FUE)

Takomano Espeleologia Taldeak urteak daramatza Gorobel mendilerroko barrunbeak ikertzen. Karstaren esplorazioan mugarri garrantzitsua jarri zuten 2016an, mendilerroko kobazulo handieneko sarrera berria topatu eta 90 kilometroko  galeria sistema zela definitu zutenean. Orain koska bat gehiago egin dute gora, espeleo-urpekaritzari esker.

Duela 85 milioi urte sakonera txikiko itsaso tropikal batek estaltzen zuen Aiaraldea. Itsas-hondo horretan sortu ziren kareharriek Gorobel mendilerroa osatzen dute gaur egun. Pirinioak altxatzearekin batera, ur tropikalen lasaitasuna utzi eta enbata meteorologikoen menpe geratu ziren arrokak. Gutxika-gutxika higatuz eta zulatuz joan ziren, egun hain bereizgarria zaigun itxura hartu zuten arte.

Gauzak horrela, milioikoa urtez luzatu diren prozesu hidrologikoek kobazulo-sare erraldoi bat sortu dute gure inguruan, eta, nola ez, lurraren historiaren azken katebegian gaudenon interesa piztu ere bai.

Hain zuzen ere, eskualdeko barrunbe horiek guztiak sakonean ikertzen igaro du Takomano Espeleologia Taldeak azken hamarkada. Aurkikuntza garrantzitsuak sinatu dituzte espeleologiaren arloan, bereziki Ponatako Pagadiko kobazulo-sisteman. Berriki koska bat gora egin dute ikerketa espeleologikoen garapenean, espeleo-urpekaritzaren mundura jauzi eginez.

Trebejo ganbara - Eneko Garcia de Medinabeitia

Takomano Espeleologia Taldea

Takomano Espeleologia Taldeak 2010. urtean ekin zion bere ibilbideari. Euskal Herriko eta Burgoseko espeleologia taldeetan aritutako kideak batu eta tokiko eremu karstikoa ikertzeari ekin zioten.

“Urte luzez gure zonaldeko esplorazioak hiriguneetako jendeak gauzatu ditu —azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari Carlos Arranz Takomanoko kideak—, horren aurrean, baliabide propioekin ingurua ikertzeko beharra ikusi zuten Takomano sortu zuten espeleologoek”.

“Gorobel mendilerroa eta bere ingurunea” hartu zuen hasieratik Takomano taldeak aztergai. Kontzeptu horren barruan babrnebildu dituzte hidrologikoki eremuarekin lotrua duten zonaldeak ere, hala nola Angulo mendatearen inguruko mendiak, Sierra de la Carbonillatik gertu.

Gorobeletik harago ere Orozko eta Areta arteko Lezeaga kobazuloan ikerketa eta kanpaina garrantzitsuak garatu zituen taldeak, bereziki bere jardunaren lehenengo urteetan. Bertan hiru kilometro baino gehiagoko sarea esploratu zuten, eta aztarna arkeologikoak ere topatu zituzten, katapulta harri-bolak esaterako. Lan nagusia, ordea, Santiago mendiaren eta Anguloko portuaren artean garatu dute.

Gaur egun hamabost kidek osatzen dute Takomano ET. “Gure profila, oro har, ez da zientifikoa, ez gatoz arlo horietatik. Profil langileagoa dugu taldean. Baina espeleologiari esker zientziako adar desberdinetan murgiltzeko gaitasuna garatu dugu”, nabarmendu du Arranzek.

Zientzia ala kirola?

Antzinako grezierazko lgoia atzizkiak, espeleologia arlo edo ikerketa zientifiko batekin lotzera garamatza. Honen praktikak, ordea, asko du kiroletik. Orduan, zer da espeleologia?

“Espeleologia zer da, kirola ala zientzia? Eta nik uste erantzuna dela, aritzeko kirola ezinbetsekoa duen zientzia dela”

“Espeleologiaren hastapenetatik datorren eztabaida da hori: Zer da, kirola ala zientzia? Eta nik uste erantzuna dela, aritzeko kirola ezinbetsekoa duen zientzia dela”, argitu du Carlos Arranzek.

Ikerketa zientifikoa du ardatz espeleologiak. Karsta eta bere barruan dagoen guztia du azteragi, fenomeno endokarsitikoak zein exokarstikoak. Hartara, zientzia multidiziplinarra da: geologia, paleontologia, biologia, hidrologia… barnebiltzen dituena.

Hau garatu ahal izateko, baina, kirola ezinbesteko praktika izan ohi da. “Kobazuloak ikertzeko kobazuloetara joan beharra dago; ez da posible beste modu batean egitea. Espeleologia bakarrik garatu daiteke espeleologia egiten; ez dago makinarik, ez robotik… pertsonak joan behar du. Esploratzeko eta ikertzeko bertara joan behar duzu. Medio berezia da gainera: iluna da, urrun dago, arrisku batzuk daude…”, argitu du Takomanoko kideak.

Kirola ikerketa zientifikorako tresna baino ez da. Mendiko kiroletako joeraren kontra, espeleologoek beti bilatzen dute biderik errazena puntu batera iristeko. “Espeleologian ez du zentsurik bide zailagoak edo teknikoagoak bilatzea, kontrakoa baizik, horrek bereizten du kirol praktikatik”.

Bada espeleologia kirol praktikatik are gehiago bereizten duen beste elementu bat, zientzia orok duen xede berdina: aurkitutakoa publikatzearen beharra. “Espeleologiaren helburua ikertzea, dokumentatzea eta publikatzea da. Eta hori egiteko prozedura on eta sistematizatu bat jarraitzea ezinbestekoa zaigu  —nabarmendu du Arranzek—. Publikatzen ez baduzu ez da zientzia. Zein da arkeologo baten eta hilboi-lapur baten arteko diferentzia?”

Espeleologia eta espeleoturismoa ere bereiztu ditu Takomanoko kideak: “Jende asko dago kobazuloetara doana, espeleo egiteko materiala duena. Ikuspuntu deportibotik, estetikotik, edota ludikotik egiten dute. Guk horri espeleoturismo deitu izan dugu”.

Zientzia eta kirolaren arteko oreka horretan, kolektibo txikia da, oro har, espeleologia praktikatzen duena. Euskal Herriko taldeak Euskal Espeleologoen Elkartearen inguruan daude bilduta, eta berrehun kide inguru dira orotara.

“Kobazuloak ikertzeko kobazuloetara joan beharra dago; ez da posible beste modu batean egitea. Espeleologia bakarrik garatu daiteke espeleologia egiten; ez dago makinarik, ez robotik… pertsonak joan behar du”aaa

Taldearen garrantzia

Espeleologia jarduera kolektiboa da ehuneko ehunean. Horrek taldeen beharra dakar, eta, ondorioz, oso talde-harreman estuak sortzen dira. “Nahiko tribu-zaleak gara, eta askotan lehia sortzen da beste espeleologia taldeekin. Hermetikoegiak gara eta hori ez da positiboa izaten ikerketen emaitzak elkar banatzeko orduan”.

Historikoki talde bakoitzak bere ikerketa eremua izan du. Ohikoan mendilerro edo eremu hidrologiko batekin zetorren bat eremu hori, beste askotan muga administratiboek markatzen dute espeleologia taldeen jardun-esparrua; azken hori ez da Takomanoren kasua: “Guk, adibidez, ez ditugu muga administratiboak errespetatzen, bestela ezingo genuke Gorobel ikertu; guri berdin zaigu Araban, Bizkaian edo Burgosen egotea”.

Arestian aipatu bezala, Takomanoko kideak ez datoz zientziaren mundo akademikotik, baina urteetako jardunak ikerketak garatu ahal izateko formazioa eta ezagutza eskaini dizkie. Hain zuzen ere, ikergai duten zonaldeak definitzen du espeleologia talde baten nolakotasuna. “Espeloelogoak espezializatuz doaz ikertzen ari diren karstak argitara ateratzen dituen kontuen arabera —adierazi du Arranzek—, horrek ere definituko du espeleologoen trebezia, zonalde batean kobazuloak oso lauak badira, ziurrenik bertan ikertzen duten espeleologoek ez dute bertikaletan aritu beharrik izango”.

Gorobel, altxor ezkutua

Hain zuzen ere, Takomanoren ikerketen erdigune den Gorobel mendilerroa “espeleologiaren altxor” definitu du Carlos Arranzek. Burua zertxobait gehiago altxatuta, Euskal Herriak eta honen aldiriek espeleologian aritzeko kilometro eta kilometroak eskaintzen dituzte: Itxinako sistematik hasita, Larrako karstera edota Kantabria inguruko kobazuloetaraino. “Etxe inguruan daukaguna espeleologia egiteko paradisu bat da. Agian gehiegi esatea da, baina eskalatzaile izatea eta Chamonixen bizitzea bezalakoa da hau”, adierazi du Arranzek.

Gorobeleko kareharri geruzak duela 89 eta 85 milioi urte artean sortu ziren, Kretazeo Berantiarreko Coniaciarrean. Garai horretan sakonera txikiko itsaso tropikal epel batek estaltzen zuen Aiaraldea

Gorobeleko kareharri geruzak duela 89 eta 85 milioi urte artean sortu ziren, Kretazeo Berantiarreko Coniaciarrean. Garai horretan sakonera txikiko itsaso tropikal epel batek estaltzen zuen Iberiako eta Eurasiako plaken arteko tartea. Bi plaka horien arteko talkak (Alpetar orogeniak) Pirinioak altxatu zituen, eta horrela aireratu ziren Gorobel osatzen duten arrokak.

Prozesu tektonikoak, oro har, gutxi deformatu zituen mendilerroko kareharri geruzak, hots, kareharria metatu zen bezala azaleratu zen. Horrek morfologia bereizgarria eskaini zion inguruari:  “Gorobeleko karsta, liburu bateko karsta bezalakoa da”, definitu du Carlos Arranzek. “Morfologia oso klastikoa da, oso angulosoa da. Ekialdetik mendebladera hedatzen diren bolumen eta galeria oso handiak daude. Estalagmita eta estalaktita gutxi daude, badaude batzuk baina ez da bereizgarriena”.

Hain karst interesgarriak tokiko zein atzerriko ikerlari askoren arreta bereganatu du urte luzez, eta kobazulo-sistema oso luze bat definitzea lortu dute.

Iñaki Latasa (GAES)

Ponatako Pagadia

Hirurehun kobazulo baino gehiago daude identifikatuta Gorobelen, baina guztien artean garrantzitsuena Ponatako Pagadiko sistema da, mendilerroa alderik alde zulatzen duen barrunbe erraldoia.

Arabako GEA eta Burgoseko Edelweiss espelelologia taldeek esplorazio ugari egin zituzten 1980 eta 1990eko hamarkadetan Ponatako Pagadiko kobazuloetan

Arabako GEA eta Burgoseko Edelweiss espelelologia taldeek esplorazio ugari egin zituzten 1980 eta 1990eko hamarkadetan. Ikerketa horietan murgilduta egin zuten topo Gorobeleko kobazulorik handienarekin: Ponatako Pagadiko Sistema. Tologorritik Angulo mendateriano doan sare erraldoia da, euskal espeleologiaren erreferente.

XX. mende amaierako kanpainek 50 kilometroko sarea definitu zuten, baina denborarekin taldeak ahuldu eta ikerketa geldirik geratu zen. Bi taldeek egindako lanari jarraipena eman eta esplorazioari berrio ekin nahian, Takomano Espeleologia Taldeak egundoko ahalegina egin zuen 2015. urtetik aurrera, Angulo mendate inguruan kobazuloaren sarrera berri bat aurkitzeko asmoz. 

Roberto F. Garcia (espeleofoto.com)

Esfortsu askoren ostean, 2016an topatu zuten El Rebollar II kobazuloa, Ponatako sistemako mendebaldeko sarrera. “Sarrera berri horrek dimentsio berria eman zion kobazulo sarearen esplorazioari. Ordura arte denbora asko inbertitu behar zen Ponatako sarreretatik kobazuloaren beste muturrera iristeko, oso baldintzatuta zegoen ikerketa: hamar orduko ibilaldiak, vivac-ak… Sarrera berri hori lortu zuen Takomano taldeak, eta, hortik, emozioz beteriko ikerketa lerroa abiatu zen”, goraipatu du Carlos Arranzek.

Gaur gaurkoz 90 kilometro inguruko sarea kartografiatu dute Ponatako Pagadiko Sistemaren barruan, baina oraindik lan asko dago egiteko. Carlos Arranzen iritziz, talde espelologiko desberdinen arteko elkarlana eta kolaborazioa funtsezkoa izan behar da ikerketan aurrera egiteko: “Egin ahal duguna baino lan gehiago daukagu esku artean”.

“Espeleo-urpekaritza beste mundu batean sartzea bezalakoa da… Medio ilun eta arrotz batean sartzen zara, buruak desberdin funtzionatzen du”

Espelo-urpekaritza

Ikerketa luze eta zabal horri aurre egiteko, teknikoki koska bat igo eta ortzimuga berri batera iristi da berriki Takomano taldea: espeleo-urpekaritzara. Mendiko Lagunak Taldeak eskainitako ML Bekara aurkeztu eta kideetako bat teknika horretan formatzea lortu dute berriki. Carlos Arranz kideak jaso zuen, hain zuzen ere, kobazuloetako putzu eta sifoietan murgiltzeko formazioa: “Kanpotik jende asko etortzen zen gurera bertako kobazuloak ikertzeko, eta gu ez ginen horretarako kapazak. Ezin genituen sifoiak gurutzatu eta galeria berriak ikertu”.

Espeleologia taldeak esku artean zuen ikerketa zehatz batean aurrera egiteko jaso zuen Takomanoko kideak urpekaritzarako formazioa: Quincoces de Yuso eta Relloso herrien artean Sistema Fuente Suso kobazuloak Gorobeleko sistemekin duen harremana ikertzea. Espeleo-urpekaritzari esker, progresioa galarazten zuen sifoi bat zeharkatzeko gai izan dira.

Iñaki Latasa (GAES)

“Espeleo-urpekaritza beste mundu bateans arztea bezalakoa da… Medio ilun eta arrotz batean sartzen zara, buruak desberdin funtzionatzen du. Stargate pelikulan bezalakoa da, sifoiaren bestaldera gurutzatzerakoan bakarrik zaude, atzera egiteko bide bakarra dago… beste dimentsio bat hartzen du”.

Taldeari leku berrietara iristeko bidea eman dio espelo-urpekaritzak. Izan ere, Gorobelek badu praktika hau garatzeko potentziala. Ponatako Pagadiko Sistemako muturretako batean, esaterako, sifoi sakon batzuk badaude, bere garaian Jason Mallison espelo-urpekari britaniar ezagunak zeharkatu zituenak. “Ez gara karibeko zenoteetaz ari, leku ilun eta uherretaz baizik”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide