32 pertsona kontratatuko ditu Aiarako Kuadrillak sei hilabetez, "euren lan prestakuntza handitzeko"

Txabi Alvarado Bañares 2024ko ots. 12a, 17:34

Eskuzko lanak egiten arituko dira kontratatutako pertsonak. / Aiaraldea.eus

Kolektibo zaurgarrietako kideak, bazterketa arriskuan daudenak edota 45 urtetik gorakoak kontratatuko dituzte, Lanbideren bidez guztiak. Otsailaren 19an amaituko da deialdira aurkezteko epea.

32 pertsona kontratatuko ditu Aiarako Kuadrillak sei hilabetez, hainbat lan egiteko. Kolektibo zaurgarrietako kideak, bazterketa arriskuan daudenak edota 45 urtetik gorakoak kontratatuko dituzte, %75ko lanaldiarekin.

Kontratatutako pertsonek 100 orduko prestakuntza jaso beharko dute nahitaez lan-orduetatik kanpo, eta beste 6 ordu bideratu beharko dituzte lan orientaziorako norbanako saio batzuetara. Izan ere, pertsona horien lan prestakuntza handitzea da, berez, programaren xedea.

Zortzina behargin arituko dira lanean Laudion, Aiaran eta Artziniegan, 45 urte baino gehiagokoak guztiak. Amurrion, aldiz, 8 pertsonako bi talde osatuko dira, kolektibo zaurgarrietako edota bazterketa egoeran dauden taldeetako kideekin.

Irekita dago jadanik lan deialdian izena emateko epea, Lanbideren bidez, datorren otsailaren 19ra arte.

Eskuzko lanak eta muralak

Hainbat motako lanak egin beharko dituzte kontratatutako herritarrek; lorezaintza, sastrakak garbitzea, pintatzea, hiri-altzariak mantentzea eta antzekoak.

Amurrioren kasuan, “esperientzia pilotu bat” garatuko dute taldeetako batekin, fatxadetarako muralak diseinatu eta margotuz.

Kuadrillak zehaztu duenez, programa hau egiten den hirugarren aldia izango da aurtengoa, eta markak haustera dator, bikoiztu egingo duelako 2023an kontratatutako pertsonen kopurua.

Encina Castresanaren ustez, programaren arrakasta frogatuta geratu da azken urteetan. “Aukera bikaina suposatzen du kolektiborik zaurgarrienak gizarteratzeko behar diren prestakuntza- zein orientabide-tresnak emateko”, nabarmendu du Kuadrillako presidenteak, “kolektibo hauentzako enplegu-sustapenak, beraz, profesional hauen garapen ekonomiko egonkorrerako eta ongizaterako ageriko urratsa suposatzen du”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide