Ferosca I azpiegitura eolikoak aurrera jarraitzen du, Aiaraldeko Mendiak Bizirikek legea urratzen duela salatu duen arren

Aitor Aspuru Saez 2024ko ots. 16a, 15:30
Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak osatutako mapa Ferosca I aerosorgailuen kokapenarekin eta lur okupazioarekin.

Ferosca Wind enpresaren proiektua hautatu du Eusko Jaurlaritzak Laudio eta Aiara artean 6 aerosorgailuko azpiegitura instalatzeko. Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak azpimarratu du konpainiak ez duela aurkeztu hirigintza edota lurralde txostenik.

Eusko Jaurlaritzak urrats berria egin du Ferosca I azpiegitura eolikoa eraikitzeko. 113 metroko eta 4,5 MW-ko sei aerosorgailuko egitasmoa 9 hilabetetan eraikitzea aurreikusi du enpresak eta 22 milioi euroko inbertsioa egingo luke horretarako, zenbait hedabidek adierazi dutenez.

Otsailaren 8an Ekonomia Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak jakinarazi zuen Ferosca Wind S.L enpresaren aurreproiektua "egokitzat" jotzen zuela Laudio eta Aiara artean zentral eolikoa instalatzeko. Erabaki horrekin, Sailak baztertu zuen Capital Energy Euskal Holding konpainiak aurkeztutako aurreproiektua. Berez, Ferosca enpresa Delta Power taldekoa da eta beste azpiegitura eoliko bat bultzatzen ari da Laudio eta Orozko artean.

Otsailaren 13an, ordea, Eusko Jaurlaritzak berak ireki zuen proiektuaren eta ingurumen-inpaktuaren azterlanaren jendaurreko informazio-fase epea. 30 egun dituzte interesdunek helegiteak prestatzeko.

Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformaren salaketa

Otsailaren 8ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian honako hau adierazi zuen Ekonomia Garapen Sailak: "Ez onartzea partikular batzuek aurkeztu dituzten alegazioak, ebazpenaren xedean sartzen ez direlako eta ez delako prozedura-une egokia gai horiek planteatzeko. Izan ere, gai horiek oinarrizko proiektuaren eta ingurumen-inpaktuaren azterlanaren jendaurreko informazio-fasean aurkeztu beharko lirateke, hau da, lehiaren izapidearen ondorengo prozeduraren fasean, horretan bakarrik hautatzen delako aurreproiektu egokiena".

Testu horien sustatzailea Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataforma izan da. Hala azaldu dio talde horrek Aiaraldea Komunikabideari: "Gure idazkiak ez ziren alegazioak, badakigu noiz argitaratu behar diren. Gure testuen helburua zen salatzea Eusko Jaurlaritza ez dela legea betetzen ari".

Izan ere, plataformaren aburuz, Jaurlaritzak baimena ematen die enpresei nahi dutena egiteko, ez dutelako hirigintza edota lurralde txostenik aurkezteko behar euren proiektuekin. "Edozein herritarrek bete behar ditu udalen hirigintza eta lurralde arauak eta enpresek, aldiz, ez diete jaramonik egin".

Zehazki, plataformak azpimarratu du Ferosca I proiektuak 1.200 hektarea hartuko dituela eta lurralde hori ezin dela urbanizatu. Hortaz, Aiaraldeko Mendiak Biziriken ondorioa da legea hausten ari direla, eremu hori bideratu nahi dutelako lurralde eta hirigintza arauek aurreikusi ez duten helburu batera.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide