ERREPORTAJEA

Lehen sektorea: biziraupena aldarri

Aimar Gutierrez Bidarte 2024ko ots. 26a, 07:00

Aiaraldea Komunikabideko kazetariok eskualdeko azoketara hurbildu gara. / Adur Larrea-Argia.eus

Traktore karabanak, barrikadak, protestak… ohikoak izan dira lehen sektoreko langileen mobilizazioak azken asteetan. Aiaraldean ere izan du oihartzuna protesta olatuak. Protestek agerian utzi dute sektorearen egoera ahula eta bizi duen kinka larria. Baina eredu kontrajarrien arteko talka ere utzi dute agerian: industria eta baserria. Airaldea Komunikabideko kideak azokara atera gara, eskualdeko baserritarren iritziak bertatik bertara ezagutzeko.

Azken asteetan Frantziako eta Espainiako estatuak astindu dituzte lehen sektorearen protestek. Europar Batasunak ezarritako neurrien aurka eta sektorearen etorkizunaren alde, traktore karabanak eta errepide mozketak izan dira tokian toki.

Euskal Herrian ere izan dute oihartzuna protestek, Nafarroan gehien bat. Araban ere elkarretaratzeak egin dituzte traktoreekin, Eusko Jaurlaritzaren edota Foru Aldundiaren aurrean esaterako.

Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak zein Foru Aldundiek lehen sektoreko ordezkari sindikalekin batzartzeko prestutasuna azaldu dute, protesta olatuen ostean. Euren aldarrikapenei kasu egingo dietenaren esperoan, lehen sektoreko ordezkariek historikotzat jo dituzte mobilizazioak.

Protesta olatuak Aiaraldea ere jo du, zeharka bada ere. Eskualdeko herri mugakideetatik etorriak dozenaka traktorek zeharkatu zituzten Artziniega, Aiara eta Amurrioko errepideak. Quincoces de Yuso eta Merindadeetako ekimena izan zen hura, eta Espainiako banderak eta kartel xelebreak soinean, irudi atipikoa utzi zuten gurean.

Izan ziren Burgoseko auzokideen karabanara batu zen eskualdeko baserritarrik. Baina, oro har, tokiko ekoizleek urrutitik jarraitu dituzte azken asteetan albistegietako lerroburuak okupatu dituzten protesta hauek. Izan ere, lehen sektorearen eredu industrializatu bat defendatzen duten lur-jabe handiek bultzatu dute azken asteetako nekazal-oldarraldia. Aiaraldeko baserritarren antipodetan dagoen eredua hain zuzen ere; tokikoa eta ekologikoa.

Biziraupena aldarri

Baliteke pestiziden erabilerarekin ados ez egotea, edota merkatalgune handietan baino azoka txikietan produktuak saltzea hobestea, baina izan Aiaraldeko baserritar edota Gaztelako lur-jabe handi, denak datoz bat lehen sektorea egoera ahulean aurkitzen dela ondorioztatzean: zaharkituta dagoen sektorean gehiegizko burokrazia eta honi lotutako teknologia berrien erabilerak jasangaitza bilakatu du baserritar askoren egunerokoa; lehengaien eta produkzio gastuen gorakadak ere asko murriztu du sektoreak berezkoa zuen errentagarritasun eskasa; eta, azkenik, belaunaldi aldaketa ezak baserri askoren desagerpena suposatuko du.

Aiaraldea Komunikabideko kideak Laudio eta Amurrioko azoketara bertaratu gara, baserritarrekin hitz egin eta sektoreak bizi duen unearen inguruan hausnartzeko asmoz. Kanal berezia atondu dugu horretarako, hemen irakurri daiteke elkarrizketa seriea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide