Envases Universales multinazionalak kolpe handia aurreikusi du Ugaon daukan lantegian eta 108 langiletik 50 kaleratuko dituela jakinarazi die sindikatuei. Albiste latza izan da beharginentzat, Endika Ibañez langileen ordezkariak adierazi duenez.
Egun Ugaon dauden behargin asko, gainera, Aiaraldekoak dira. Gutxienez 10 dira Laudiokoak, beste dozena erdi Amurriokoak eta badaude ere Aiara, Orozko, Okondo eta Urduñakoak.
Enpresak hilabetea dauka neurri hori negoziatzeko, baina Ibañezek azaldu du egoera ez dela oso baikorra: "Ia erretiratzear daudenak aurretik erretiratzeko neurririk ez dute ezta aipatu ere egin, nahiz eta logikoa izan. Badirudi deslokalizazio prozesua burutzear daudela, elikagaien ontzien ekoizpena Leonera bidalita".
Antza, aurreko jabeak, Domiberiak, hasi zuen prozesu hori 2017an Leongo faktoria ireki zuenean. "Envases Universales taldeak abuztuan Ugaoko azpiegitura erostean ekoizpena jaitsi zen, baina oraindik ere etekinak daude. Hortaz, pentsatu genuen behin-behineko egoera zela, baina orain ikusi dugu aurretik pentsatutako estrategia zela", gaineratu du Ibañezek.
Gauzak horrela, kaleratzeak egikarituz gero, ekoizpena erdian baino gehiago murriztuko lukete eta ontzi industrialak produzituko lituzkete soilik, eta ez elikagaienak. Momentuz, sindikatuak eta langileak bildu behar dira, nola erantzun adosteko.
Izan ere, pasa den astean heldu zitzaien Ugaon eta Montmelon enplegua erregulatzeko espedienteak abiatzeko asmoa eta atzo bertan argitu zien enpresak Euskal Herrian 50 izango direla kaleratuak eta 18 Katalunian.