Martxoaren 9an abiatuko da XXXIV. Aiarako Bira, berrehun parte hartzaile baino gehiagorekin

Aimar Gutierrez Bidarte 2024ko ots. 28a, 11:02

Lasterketako liderrak iazko edizioko azken jardunaldian. / Aiaraldea.eus

Okondon hasi eta Amurrion amaituko da XXXIV. Aiarako Bira, kadete mailako txirrindularitza proba entzutetsua. Guztira 35 taldek hartuko dute parte bertan, eta lehendabizikoz Orozkoko errepideak zeharkatuko ditu lasterketak.

14 eta 16 urte bitarteko kadete mailako txirrindulariak Aiaraldeko errepideen jabe egingo dira martxoan. Aiarako Bira lasterketa entzutetsuak XXXIV. edizioa izango du martxoaren 9tik aurrera.

Guztira sei jardunaldik osatuko dute kirol proba, eta Aiaraldeko sei udalerri bisitatuko ditu, horien artean Orozko, aurtengo edizioko berritasun nagusia.

Euskal Herriko eta Espainiako Estatuko 35 txirrindularitza talde batuko dira eskualdeko errepideetan, berrehun parte hartzaile baino gehiago. Luyando-Ganzedo taldeak egingo ditu anfitrioi lanak. Badira ere urrutitik etorriko diren taldeak, Kanariar Uharteetatik, esatetako.

Ibilbidea eta egutegia

Martxoaren 9tik martxoaren 24ra, hiru asteburuz jarraian luzatuko da lasterketa. Sei jardunaldiz osatutako lasterketak 257 kilometroko luzera izango du.

Lehenengo jardunaldia Okondon jokatuko dute, eta azkena Amurrion. Aurtengo berritasun nagusia, ordea, martxoaren 17ko etapan dago. Izan ere, lasterketaren historian lehendabizikoz udalerri bizkaitar batetik abiatuko da; Orozkotik hain zuzen ere.

Hauek dira Aiarako Bira osatuko duten sei jardunaldiak:

  • Martxoak 9: Okondo-Okondo
  • Martxoak 10: Laudio-Laudio
  • Martxoak 16 Arespalditza-Arespalditza (norbanakoen erlojupekoa)
  • Martxoak 17: Orozko-Menagarai
  • Martxoak 23: Artziniega-Artziniega
  • Martxoak 24: Amurrio-Amurrio

1990ean jokatu zuten lasterketaren lehenengo edizioa, eta, geroztik, kadete mailako erreferentziazko lasterketa bilakatu da Espainiako Estatuan. Martxoaren 8an egingo dute aurtengo edizioaren aurkezpen ofiziala, eta ibilbidearen xehetasun guztiak aletuko dituzte.

Hemen ikus daiteke iazko edizioko laburpen bideoa:

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide