Urte hasieran aurkeztu zenuten Zinkha taldea, baina proiektuak denbora nahikotxo darama labean. Nolakoa izan da aurretik eginiko lan hori?
Erik Alemany Arteta: Proiektu hau sortu zen lehen Ekhiotz, Ortzi eta hirurok geneukan beste proiektu bati amaiera eman genionean. Guk argi geneukan beste zerbait egin nahi genuela. Aurreko proiektuan gehienbat bertsioak lantzen genituen eta bagenuen nahia proiektu bat sortzeko non joko genituen abestiak gureak izango ziren. Irati aurretik ezagutzen genuen, beste proiektu-saiakera batean gurekin egon zelako, eta Ilazki betiko laguna da. Elkartu ginen, urtebete pasatxo eman dugu lanean, eta prest gaude aurrera egiteko.
Hiru abesti atera dituzue momentuz, baina badituzue gehiago eta zuzenekoak prestatzeari ere ekin diozue. Zein puntutan dago talde une honetan?
Irati Usia Olaguenaga: Hasi ginenean gure lehenengo abestiak konposatzeari ekin genion, eta une horretan ez genuen gure estiloa guztiz definituta. Uste dut horretan gabiltzala apurka-apurka. Une honetan 13 abesti inguru izango ditugu, guztion artean sortutakoak, bakoitza bere alea jarrita. Horretan gabiltza orain.
E.A.A.: Hiru abesti plazaratu genituen, badakigulako gaur egun sare sozialetan zabaltzen egiten dela oihartzuna. Horregatik, lagin moduan grabatu ditugu gure lehenengo hiru kantak. Bideoklipa ere plazaratu dugu, proiektua apur bat hedatzeko asmoz. Baina kontzertuak emateko prest ere gaude. Ordubete inguruko setlist bat dugu.
Guztien artean sortu dituzue kantak. Nola egin duzue estilo propioa bilatzeko?
Ekhiotz Sanchez Martinez: Gutako bakoitzak estilo propioa dauka, eta horrek eragina dauka gure kantuetan, bakoitzak bere alea jartzen duelako, Iratik esan bezala. Hori denak egiten du gure kantak horrelakoak izatea. Ezin dugu zehaztu zein den gure estiloa. Rocka dela bai, baina ditugun eragin ezberdinak islatzen dira abestietan.
Letrei dagokionez, bi gauza nabarmendu daitezke: euskararen aldeko hautua egin duzuela eta hainbat gai jorratzen dituzuela.
I.U.O.: Letrei dagokionez, gure hautua izan da euskaraz egitea. Jorratzen ditugun gaiei dagokienez, denetarik dago. Egia da kantu batzuk mezu soziala dutela, azkenean hau badelako leku bat mezu bat edo dena delakoa plazaratzeko. Baina gero bakoitzak bere modura interpretatu ditzake letra bakoitza.
"Letrei dagokienez, gure hautua izan da euskaraz egitea. Jorratzen ditugun gaiei dagokionez, denetarik dago"
Rockaren aldeko hautua egin duzue jende askok musika estilo hori zaharkitua dagoela aldarrikatzen duen garaian.
Ilazki Ussia Yurrebaso: Guk erabaki dugu rock musika estiloa jorratzea, batez ere, identifikatuta sentitzen garelako berarekin. Nahiz eta bakoitzak bere alea jarri, guztiok jotzen dugu apur bat rockaren aldera. Guretzat askoz errazagoa da esparru horretan konposatzea eta abestiak egitea. Ez da pentsatutako zerbait izan, horrela atera zitzaigun, eta listo.
Zeintzuk dira datozen hilabeteei begira dituzuen aurreikuspenak?
E.S.M.: Gure plana bada kontzertuak prestatu eta ematea. Hemendik hilabete batzuetara grabatu nahi ditugu falta zaizkigun kantak, urte bukaeran plazaratzeko. Ez dakigu disko formatuan edo nola plazaratuko ditugun, baina grabatu eta kaleratu nahi ditugu.
Zer nolakoa izango da Zinkharen zuzenekoa?
E.S.M.: Aurreikuspen positiboak ditugu, baina inoiz ez dakizu nola joango den, jo arte. Dena den, guk gure aldetik dena emango dugu, dena jarriko dugu oholtza gainean.
"Hemendik hilabete batzuetara grabatu nahi ditugu falta zaizkigun kantak, urte bukaeran plazaratzeko"
Belaunaldi ezberdinetako kideek osatzen duzue taldea. Zertan sumatu duzue horren eragina?
E.S.M.: Horrek eman diguna bada puntu aberasgarri da. Hainbat belaunalditakoak izatea ona da guretzat, ikuspuntu ezberdinak topatzen ditugulako, bai letretan zein abestietan, eta hori oso aberasgarria da taldearentzat.
I.U.Y.: Gero ere nabaritzen da berez oso ezberdinak garela gure artean, eta horrek xarma ematen die abestiei. Oso nahasketa polita egiten dugu.
Zertan nabaritzen da hori abestien sorkuntzan? Nolakoa izaten da abestiak egitearen prozesu hori?
E.A.A.: Hori bada talde guztiei egiten zaien galderetako bat, eta ikusten dut talde guztiek erantzuten dutela gutxi gorabeherako formatu bat baliatzen dutela. Gure kasuan, uste dut denetarik egin dugula: baditugu denok elkarrekin eginiko abestiak; batek etxean zeozer egin, hona ekarri eta denon artean moldatutakoak; baditugu abestiak zeinetan musika egin dugun lehenbizi eta gero letra jarri; letra aurretik izanda eraikitako kantak ere… ez dut uste daukagunik lan egiteko forma bakarra. Denetarik probatu dugu eta orokorrean pozik gaude lortutako emaitzekin.
E.S.M.: Laburbilduz, gutako edonork ekartzen du oinarri bat lokalera eta gero guztiok batera garatzen dugu, kantak sortuz.
Kanpotik ikusita, badirudi taldea sortzeko prozesua oso modu kontzientean garatu duzuela: sukalde lan asko egin aurretik, kantu sorta bat plazaratu gero… hemendik aurrera ere horrenbeste neurtuko dituzue emango dituzuen urratsak?
Ortzi Larrori Zorrozua: Bai, nahiko genuke hemendik aurrera orden hori mantentzen jarraitzea. Orden hori jarraitzera edo gauzak apur bat kontrolatuta izatera eraman gaitu aurreko talde batzuetan izandako esperientziak. Kasu honetan, bagenuen gogoa gauzak ezberdin edo “hobeto” egiteko, eta horretan gaude.
"Hainbat belaunalditakoak izatea ona da guretzat, ikuspuntu ezberdinak topatzen ditugulako, bai letretan zein abestietan"
Oraindik ez duzue zuzenekorik eskaini. Zer nolako harrera espero duzue?
I.U.O.: Ekhiotzek esan duen bezala, nahiko positiboki ikusten dugu dena. Egia da gure abestiek publiko anitza izan dezaketela, jorratzen ditugun gaiak egunerokoak direlako. Bakoitzak bere kasara interpretatu ahal ditu, baina harremana dute egungo errealitatearekin.
Gure partetik, uste dut bilatzen dugun lehen gauza gozatzea dela, transmititu ahal izatea jendeari benetan egiten duguna, eta horretan gabiltza.
I.U.Y.: Oraindik ez dugu kontzerturik eman. Lehena Amurrioko Gaztetxean izango da apirilaren 30ean. Oso gogotsu gaude kontzertuak eman eta zuen harrera ikusteko. Iratik esan duen moduan, disfrutatzera joango gara, eta eskualdean joko dugunez, uste dugu etxean egotea bezala izango dela.