ZOZKETA

Errigorako udaberriko kanpainaren produktuen bi sorta zozkatuko ditu Aiaraldea Komunikabideak

Erredakzioa 2024ko mar. 5a, 11:30

Errigorak saltzen dituen produktuetako batzuk. / Errigora

Nafarroako tokiko ekoizleen eta euskalgintzaren aldeko Errigora ekimenak udaberriko kanpaina abiatu du pasta, ardoa, olioa edota kontserba sortak saltzeko. Aiaraldea Komunikabideak produktu horien bi kutxa zozkatuko ditu, hemen.

Errigora ekimenak udaberriko kanpaina abiatu zuen otsailaren amaieran eta martxoaren 13an amaituko du. Nafarroako Ager zonaldeko uzta ekologikoak eta arruntak utzitako produktuak saltzen dituzte egitasmo horren bidez: tomate frijitua, pasta, kontserbak (orburuak, zainzuriak, kardua, piperrak, menestra...), ardoa, olioa...

Jende askok baliatzen du aukera urte osorako erosketak egiteko eta erabaki horrekin Errigorak sustatzen dituen balioak bultzatzeko. Izan ere, egitasmoak Nafarroako euskalgintza eragileen eta tokiko ekoizleen jarduerak babesten ditu, kalitate handiko produktuak eskaintzeaz gain.

Izan ere, Errigorak berak gogoratu duenez, lehen sektoreko etorkizuna kolokan dago: Ager eremuko esplotazioen %36 desagertu dira azken 12 urtetan eta Nafarroan nekazarien %7 baino ez ditu 40 urte baino gutxiago.

Errigorak lortu du Nafarroako olioaren %5,7 banatzera heltzea

Egoera horren aurrean, Errigorako kideek udaberriro elkartzen dute 10.000tik gora kontsumitzaileen giharra. Euskalgintza eta ekoizpen mundua elkarlotzen dituzte (ekoizle guztiek euskara plan bat dute abian 2023tik), bertako ekonomia sustatzeko gaitasuna pizten dute eta, horri esker, ekoizpen agroekologikoa bultzatzeko egindako apustuaren emaitzak bistakoak dira (pikillo piper ekologikoaren landaketa berriak sortu dira, adibidez).

Ahalegin horiekin, Nafarroako oliba-olio ekoizpenaren %5,7 banatzera heldu da Errigora eta Euskal herriko 20 jantoki kolektibo hornitzen dituzte olio, arroz edota dilistekin.

Egitasmo kolektibo eta komunitario berriak sustatu nahi ditu Errigorak: lurren erosketa, eremu komunalekin hitzarmenak...

Eta hori ez da guztia, etorkizunean lortu nahi baitute nekazarientzako lan baldintza duinagoak eskuratzea, merkatu logikatik ateratzeko ekoizle eta kontsumitzaileen arteko epe-erdiko akordioak bultzatzea edota kontsumo-elkarte eta eragileekin aliantza-sareak sortzea eta lurrak erostea, lur komunaletan hitzarmenak lortzea, ontziratze azpiegiturak bereganatzea, olio errota komunitarioak sustatzea...

Horretarako ezinbestekoa da udaberriko kanpainako produktuen salmentarekin bat egitea. Dastatzeko aukera izateko, Aiaraldea Komunikabideak bi sorta zozkatuko ditu martxoaren 13an, hau da, kanpaina amaituko den egunean.

Hemen parte hartu daitezke zozketan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide